Parisko Olinpiar Jokoetan parte hartu dute independentzia guztiz edo batere onartua ez duten 11 herrialdek. Horietan Taiwanek izan du ordezkaritzarik handiena, 60 atletarekin, eta ondotik Puerto Rico dator, 51rekin, eta Hong Kong, 36rekin.
Euskal Herriko 44 atleta lehiatu dira Jokoetan, baina bakar batek ere ez du aukerarik, nahiko balu, Euskal Herria ordezkatzeko. 39 lehiatu dira Espainiarekin, hiru Frantziarekin, bat Filipinekin eta bertze bat Dominikar Errepublikarekin. Hainbertze bandera, izen eta herrialderen artean Euskal Herria identifikagarri egiteko modu bat izan da 44 atleta horiek identifikatzea, jarraipena egitea, eta euskaraz kontatzea. Erreferentzia propio bat markatzea, azken finean. Anitzetan herriko bizilagunak entenditu eta errespetatu nahi ez duen osotasun hori bikain entenditu dute egun hauetan solaskide brasildarrek, estoniarrek, irlandarrek, belgikarrek, nederlandarrek eta barbadostarrek; baita frantziarrek ere. Bakoitzak bere ñabardurekin ulertua, baina argi entenditua eta errespetatua.
Parisko bizilagun ospetsu batek ere, Victor Hugo idazleak, guztiz ulertu zuen osotasun hori XIX. mendean. Haren aipuak dira «euskaldun bat ez da ez frantsesa, ez espainola; euskalduna da, hori da guzia» eta «euskara aberri bat da», bertzeak bertze. Destinuaren ironia izanen da euskarazko egunkari bakarraren berriemaileek Parisko Olinpiar Jokoetan aterpe izan duten karrikak Victor Hugo izena izatea.