Txirrindularitza. Italiako Giroa. Errozaten gora

Zuzendariak, galdezka

Mikel Nieve.
2011ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Etapa erraza izan dela pentsatuko duzue agian, baina jota amaitu dugu. Igor [Anton] eta biok hemen gaude ohean sartuta, gorputzari atseden pixka bat eman nahian. Azken bi etapak izan dira oso gogorrak niretzat. Kronoigoeran hasieratik nabaritu nuen ez nengoela ondo, eta gaur ere [atzo] antzekoa gertatu zait. Asko kostatu zait erritmoa hartzea. Igandean izugarrizko ahalegina egin behar izan nuen, eta gorputza oraindik ez da etorri bere onera.

Niri, berez, ez zaizkit gustatzen intentsitate altuko ahalegin labur horiek, eta kontuan eduki behar da, gainera, atseden egunaren ondoren eduki genuela kronoigoera. Baina, tira, gaur, Tonalen gora, erosoago sentitu naiz, eta Aprican ere nahiko ondo ibili naiz, nahiz eta ez den oso mendate zaila. Egunotan batean eta bestean aipatu dute Nibalik erasoa jo zezakeela Aprican behera, arriskutsua zelako. Baina niri ez zait iruditu hain jaitsiera arriskutsua zenik. Bai, oso teknikoa zen, baina ezin zen min handirik egin.

Pena izan da ihesaldian taldekiderik sartu ez izana, Giroa hasi zenetik taldea zoragarri aritu delako lanean. Javier Aramendia sartzeko zorian egon da, baina azken unean ihes egin dute hamasei txirrindulari horiek. Behin etapa amaituta, esan didate txantxa giroan joan direla hainbat zuzendari gure auto ingurura, nolatan ez naizen ihesaldian sartu galdezka. Nik nahikoa nuen tropel buruan joanda, egunero ezin delako sartu ihesaldietan! 230 kilometroko etapa zen, eta bi egunetik behin ezin da sartu ihesaldietan, etapa gogorrak dauzkagulako oraindik. Indarrez ondo iritsi beharra dago Finestreko etapara.

Beroa izan da eguneko areriorik gogorrena, 30-32 gradu eduki ditugulako egun guztian. Asko jan eta edan behar izan dugu, eta helmugara ondo iritsi naizen arren, jada nabaritzen da bi astetik gora daramatzagula egurrean. Sivtsov aurretik jarri zaigu orain, baina badago denbora postu hori berreskuratzeko. Ikaragarrizko ilusioa egingo lidake lehen hamarren artean amaitzeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.