Saharatik Afganistanera. Hainbat herrialdek dituzte kolore zuria, berdea eta beltza euren banderetan. Afrikan, hasi Mendebaldeko Sahara eta Sudanekin, Ekialde Erdian jarraitu Jordaniarekin, eta Asian bukatu Kuwait eta Afganistanekin. Espainian, Extremadurako banderak ere hiru kolore horiek ditu. Jantzi zuriz jokatu zuen Lagun Arok Badalonan larunbatean, eta aurpegia zuri geratu zitzaien etxekoek bigarren zatian eman zieten astinduarekin. Baskonia, aldiz, berde kolorearekin kantxaratu zen Zaragozan, eta itsu batek ikusteko moduan, taldea oso berde dagoela argi geratu zen. Bizkaia ere Herbalife Kanaria Handia beldurtzeko asmoarekin kantxaratu zen, beltzez, baina panorama belztu zitzaion urruneko jaurtiketetan, eta bueltako bidea triste samarra izan zen. Tertuliaren batean ligak aste pare bat beranduago hasi beharko lukeela esan dute, baina ezinezko gauzak eskatzeak ez du ezertarako balio.
Herren. Sentsazioa txarra zen Lagun Arorekin liga hasi aurretik, eta hala izan da, zoritxarrez. Erregaia bukatu zelako, edo baliabidez aberatsago delako, Joventutek hankapean ibili zuen Lagun Aro bigarren zatian. Espero ez zen tokitik, gainera: joko antolatzailearengandik. Albert Oliverrek Raul Neto eta Javi Salgadoren aurkako dema irabazi zuen, eta hark lortutako 15 puntu eta 8 asistentziek Sito Alonsoren taldea hautsi zuten. Quezada, Gaffney, Barrera, eta beste elikatu zituelako, entrenamenduetako jaurtiketa errazak oparituz. Woods txukun aritu zen, baina bere kasa sarri. Ibekwe ere bai, baina Doblas, Rubio, Korolev eta Papamakarios, aldiz, hain ondo ez. Jaurtitzaile peto bat falta dela, derrigorrezkoa da denen ekarpena. Igandean aurkari gaiztoa dator bisitan, Txus Bidorretaren Estudiantes. Komeni da lasaitasuna emango duen garaipena lortzea.
Axolagabekeria. Baskoniako hainbat jokalarik Zaragozan erakutsi zutena. Batez ere Heurtelek eta Cabezasek. Heurtelen jardunak bere onetik ateratzen du zale lasaiena ere. Taldetik kanpo ikusi zuen bere burua hilabete atzera, eta Gasteizen geratu bada, inork 300.000 euroko soldata ordaindu nahi ez duelako izan da. Penagarri aritu zen, bere kabuz jokatzen, zenbakiak lortu nahian, eta defentsan lotsagarri Llomparten aurka. Cabezasek ere ezer gutxi egin zuen, baloiari boteak eman eta eman ez bada. Oro har, lanerako gogorik gabe aritu ziren Baskoniako jokalariak, batez ere blokeo eta jarraipenean. Norelek min handia egin zien Pleiss eta Nemanja Bjelicari, beste munduko jokalaria ez bada ere, eta taldeak, tarteka, halako itzalaldiak izan zituen. Ondorioa, ACB ligan aurkari txikirik ez dagoela eta edonor dela muturreko bat emateko gai. Baskoniak asko du egiteko, asko, eta Lamperen eta Milko Bjelicaren hutsunea da arazo txikiena gaur egun.
Keinu baten esanahia. Telebista kamerek Fotis Katsikarisen aurpegia erakutsi zuten Kanaria Handiko partida bukatu eta berehala. Pentsakor ageri zen, eskuekin bizarra ukituz. Pentsatzen zuena eta gertatu zena ezberdinak zirelako egongo zen hain pentsakor greziarra. Pedro Martinez lankideak bostekoa eman zionean itzuli zen mundura Katsikaris. Uneak aproposa zirudielako behingoz Las Palmaseko madarikazioa hausteko. Baina ezin. Bederatzigarren aldiz jadanik. Bizkaiak denboraldi-aurre txukuna egin du, baina Herbalife ere ondo indartu da, eta Spencer Nelson eta Uros Slokar bikoteak espero baino gehiago zigortu zituen Hamilton eta Rakovic. Hiruko jaurtiketetan ere trakets aritu ziren bizkaitarrak, jaurtiketa asko libratuta izan baziren ere: «Normalean sartzen ditugun jaurtiketak dira, baina gaur ez dugu asmatu». Portzentajea %14koa izan zen. Igandean Bartzelona dator bisitan, eta amorratuta etorriko da, Valladoliden aurka galduta. Bizkaitarrak ere amorratuta kantxaratuko dira.
Zonakako defentsa
Zuria, berdea eta beltza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu