Txirrindularitza. Italiako Giroa. Errozaten gora

Zuloz beteta eta zikin

Mikel Nieve.
2011ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Etapa estresagarria izan da. Motza zen, eta oso bizi abiatu gara. Erlaxatzeko denborarik ere ez dugu eduki, ihesaldia sortu denean berehala hasi direlako atzean lanean. Oso azkar ibili gara, eta bukaeran argi ikusi dugu oraindik puntutxo bat falta zaigula sasoi on-onean egoteko. Azken igoera ez zen oso gogorra, eta igotzaile petoentzat ez zen aproposa. Baina sentsazioak ez dira onegiak izan. Lasai gaude, hala ere, bigarren eta hirugarren asteetarako puntu-puntuan egongo garelako.

Oraingoz garbi ikusi da Scarponi, Kreuziger, Nibali... horiek direla indartsuenak, baina Giro honetan oso garrantzitsua da azken astera indartsu iristea. Itxaropentsu nago, eta ziur nago bai Igorrek [Anton] eta bai nik azken astean gerra emango dugula. Juanjok [Oroz], berriz, azaldu zizuen kolpe handia hartu zuela, eta ez dizuet gezurrik esango; sufritzen ari da. Hortxe-hortxe dabil, ezinean. Egun batzuetan gorriak ikustea tokatuko zaio, baina ea buelta ematea lortzen duen eta bere mailara iristen den.

Etnako sumendian amaituko den etapari begira gaude jada, eta ez dakit, ba, azkenean zer gertatuko den. Nahikoa lan izango dugu. Inork ezin du jakin sumendiak zein joera hartuko duen datozen orduetan, baina guri ezezkorik ez digute eman, behintzat. Etapa lehiatzeko arazorik ez izatea espero dut. Egia esan, Etnako sumendia igotzerik izango ez bagenu, ideiarik ere ez daukat zein ibilbide egingo genukeen.

Astebete igaro da jada egurrean hasi ginenetik, eta gauza batek harritu nau: iparraldetik hegoaldera goaz, goitik behera, eta errepideak geroz eta kaskarragoak dira. Iparraldean nahiko garbi zegoen dena, ondo zainduta. Baina hegoaldeko errepideetan zulo gehiago daude, bazterrak zikinago daude... Horrek gogortu egiten du etapa, une oro kontu handiarekin ibili beharra daukagulako. Egia esan, Italiara etorri gabea nintzen aurretik, oporretan ere ez naiz sekula ibili inguru hauetan. Eta nabarmena da iparraldetik hegoaldera errepideetan dagoen aldea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.