Txirrindularitza. Italiako Giroa. Errozaten gora

Zorionak, Josune!

Juanjo Oroz.
2011ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Telebistan ikusiko zenuten Teramo, etapa amaitu den herria, eta bertatik bertara ere oso polita da. Hori bai, legerik ez dagoela ematen du. Hemen gabiltza auto eta autobus artean, hotelerako bidea hartu ezinik. Baina, tira, jada ohitzen ari gara etapa amaierako saltsarekin. Gaurkoa trantsizio etapa izan dela esan daiteke, nahiz eta gehiegizkoa izan daitekeen 217 kilometroko etapa trantsiziokoa dela esatea. Egun osoan oso errepide onak eduki ditugu, baina amaierako bost kilometroetan ikusiko zenuten nondik barrena sartu gaituzten.

Ia bost orduko ahalegina egin ondoren, bide estu-estuetan sartu dute 200 txirrindulariko tropela. Baina Igorrek [Anton] denborarik ez galtzea zen gure helburua, eta lortu dugu. Giroa hasi aurretik sinatuko genuen Etnako etaparen bezperara iritsi garen moduan iristea. Pozik egon beharrean gaude; mendateetan gertatu behar duena gertatuko da, baina Igor [Anton] bere maila emateko gai bada, Giro honetako helburua beteta edukiko dugu.

Niri dagokidanez, gorputz guztia txikituta daukat oraindik. Asko zaindu naiz Girora bete-betean etortzeko, eta erorketak jota utzi nau. Interviú aldizkarian agertzeko moduan nago. Ikustekoa da gorputza nola daukadan! Ea atseden egunean gorputza bere onera etortzen hasten den eta azken bi asteetan neure maila emateko gai naizen. Janari aldetik, behintzat, Italian ez daukagu arazorik. Pasta primeran prestatzen dute, eta kaputxinoak ere zoragarriak dira. Ez duzue jakingo, agian, baina Txurruka eta biok oso kaputxino zaleak gara. Baina Giro honetan hori baino garrantzitsua da behin etapa amaituta Javierrek, Rufinok eta gainerakoek prestatzen diguten askaria.

Ahaztu gabe, gaur [atzo] nire emaztearen urtebetetze eguna da, eta zorionak, Josune! Oihan txikiak zaindu dezala ondo-ondo Josune. Euskal Herriko Itzulian jaio zen Oihan, eta Josunek egunero bidaltzen dit argazki bat. Zoragarria dago! Musu bana bientzat, eta ea Dolomitetara etortzen diren, abenturazaleak dira eta!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.