Euskal Herriko Itzulia. Guadalupetik

Zer ikasia badauka oraindik

Juanma Garate.
2013ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Harrigarria da txirrindularitzak zaleengana gerturatzeko daukan gaitasuna. Ez dago hesirik, ez dago harmailarik urrutitik begira egoteko... Jende asko pilatu da irteeran eta helmugan, eta oso bitxia iruditu zait momentu bat. Oso modan dago orain behin etapa amaituta arrabolan aritzea, eta hantxe ari ziren Garmineko lau txirrindulari, Hesjedal tartean, pixka bat lasaitzen. Lauzpabost mutiko zeuzkaten ondoan, eta han ari ziren guztiak txirrindulariak ukitzen. Gainerako kiroletan ez dut uste aukerarik dagoenik idoloak hain gertu izateko. Zoragarria izan da momentu hori, eta argazki horrek hausnarketa eskatzen duela iruditzen zait. Horrelako momentuekin ezinezkoa da txirrindularitza desagertzea.

Taldekideek ere aipatu didate zer-nolako jendetza zegoen Elgoibarren bertan eta igoera guztietan, eta, egia esan, azken urteotan oso tarteka bakarrik ikusi ahal izan dugu horrelakorik; Tourrean edo Giroko etaparik ikusgarrienetan. Urrutira joan gabe, joan den astean, Nazioarteko Kriteriumean, ez zegoen inor begira. Hamar bat mutiko eraman zituzten podiumera, baina han ez zegoen beste inor. Eta, alde horretatik, bitxia da zaleek Jens Voigtekiko sentitzen duten gertutasuna. Bere garaian asmatu egin zuen zaleei eskutitza bidaltzen, eta leku guztietan animatzen dute orain. Oso txirrindulari maitea da.

Guri dagokigunez, gripeak jota lasterketatik kanpo geratu da Mollema, eta pixkanaka taldekide guztiak gaixotzen ari garela uste dut. Slagterrek aukera ona dauka orain aurrean ibiltzeko, eta konfiantza eman behar diogu. Oso maitea dut, eta saiatuko naiz babesten, nahiz eta ez nagoen gauza askotarako. Irrati bidez eta autobuseko bileretan saiatuko naiz ibilbidearen hainbat xehetasun ematen. Ea etaparen batean aurrean ibiltzeko gai den.

Eta, ibilbidea aipatuta, Jose Luis Arrietarekin hizketan aritu naiz, eta esan diot bost etapatan 32 mendate sartuta aurrea hartu diola Giroari, hiru astean 37 dauzkalako hark, baina aurretik daukala oraindik Amstel; oraindik zer ikasia badaukala esan diot. Barrez hasi da...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.