Julen Gabiria.
Errusiako Munduko Kopa. GORROTO DUZUN HORI

Zapaldu gabeko bideak

2018ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Peruko selekzioaren jarraitzaile batek 25 kilo loditzea erabaki zuen, bere taldea ikusteko sarrera guztiak agortuta zeudelako... eta salgai geratzen ziren bakarrak ezinduei zuzendutakoak zirelako. Gorputz-masaren indizea 35etik gorakoa izatea zen horretarako baldintzetako bat, eta mutilak ez zuen zalantzarik egin: dena aberriaren alde, eta 25 kilotxo gerriaren alde. Horrelakoa baita futbola. Batzuetan irabazi (Australiaren kontra, zehazki), eta beste batzuetan argaldu (etxera bueltatzean, pentsatzekoa denez).

Argentinako selekzioaren jarraitzaile batek, berriz, ingeniaritza-lan ederra egin zuen Munduko Koparen aurretik: gauza jakina zenez Argentina multzoko lehen postuan sailkatuko zela eta finaleraino iritsiko zela, mutikoak selekzioaren partida guztietarako sarrerak erosi zituen: multzoan jokatu beharreko hiruretakoak, final-zortzirenetakoa, final-laurdenetakoa, finalerdietakoa eta finalekoa. Zazpi partida, to dirutza.

Argentina, noski, ez zen lehen postuan sailkatu, ezpada bigarrenean eta totelka. Maradona gutxigatik ez zuten Errusian lurperatu, eta jarraitzaile horrek, ziurrenik, kroaziera ikastea erabakiko zuen, erosi zituen sarrerak Kroazia-Danimarka, Errusia-Kroazia eta atzoko Kroazia-Ingalaterra partidatarako izan baitziren, finalerakoaz gain.

Gauza ziur bakarra, futbol hobea ikusi duela horrela, Argentinarekin ikusiko zuena baino. Eta, amesten hasita, maizegi zapaldutako bideetatik aldentzeak dakartzan ustekabeko guztiak: lige kroaziarren bat, demagun.

«Bai, zera», esan dit batek: «berriz salduko zituen, garestiago gainera, eta etxera bueltatu». Kakitzat. Gero eta jasanezinagoa zait irudimen oro zapuzten duen errealitate hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.