Juanma Garate.
Euskal Herriko Itzulia. Guadalupetik

Zahartzen hasi da Voigt ere

2013ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Oso bitxia izan da eguna. Eguraldiarekin jolasean genbiltzala ematen zuen. Abiatu garenean, euri langarra ari zuen Elgoibarren; San Prudentzio inguruan, Eibar aldera begiratu, eta oso ilun zegoen, baina ezkerrera hartu dugu guk, eta nahikoa oskarbi aurkitu dugu zerua; Gasteizera bidean, euri asko ari zuen ezker-eskuin, baina gure parean ez zegoen laino askorik; eta helmugan bertan ere, gu iritsi arte ateri egon da, eta, iristearekin batera, izugarrizko zaparrada bota du. Gure moduan, Ametsek ere eskertuko zuen ateri egon izana. Ausardia handiarekin joan da aurrera, eta bikain ari da. Euskal Herriko eguraldiaren berri ez zutenak ariko dira, pixkanaka, ikasten.

Bitxikeria bat ere gertatu zait helmugan, epaileetako bat niregana etorri delako nire bizikletako transponder-a Mollemarena zela esanez. Helmugara iristeko hiru kilometro falta direla eta helmugan bertan, transponder horri esker jasotzen dituzte datuak epaileek, eta taldeko mekanikariak nahastu egin dira, nonbait. Atzo eta gaur lehen postuetan igaro izan banintz, Mollemaren izena ikusiko zenuten telebistan. Bihar [gaur] hasiko da, beraz, niretzat Itzulia, eta fresko iritsiko naiz amaierara.

Nahi nuke hori egia izatea, baina aitortu beharra daukat gaizki nagoela. Bezperan baino pixka bat hobeto sentitu naiz, baina tropelean irauteko moduko hobekuntza da nirea. Ea nola iristen garen Beasaineraino. Aurretik etapa garrantzitsuak daude, ordea; Lejanakoa, esaterako. Slagterrekin apustua egingo dugu azken igoeran. Purito [Joaquim Rodriguez] gabe, aukera ona eduki dezake gure txirrindulariak, Albertoren [Contador] baimenarekin. Lanean ikusiko gaituzue, beraz, etapa amaieran, eta ea Slagterrek aukera daukan azken zati gogor horretan egurra emateko.

Eta, tira, Jens Voigti ere egin nahiko nioke aipamen txiki bat, zahartzen ari dela ikusi dudalako. Orain arte, egurra eman behar zuenean, hor joaten zen elastiko guztia goraino altxatuta, fresko antzean; baina, gaurkoan, txaleko eta guzti aurrera joaten ikusi dudanean... 22 edo 23 edo ez dakit zenbat urte dauzkan, baina zahartzen hasi da Voigt ere!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.