Pilota. EPELen Binakako Txapelketako finala. Analisia

Xalak du giltza

2012ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Azken urteetan bezala, irrati esatari lanetan egongo naiz gaur Bizkaia pilotalekuan. Gustura egiten dut, baina zertarako ukatu? Gusturago nengoke kantxan. Gustuko dut Bizkaia pilotalekua, eta noizbait probatu nahiko nuke, entrenamendu batean bada ere. Final estu bat narratuko dudala uste dut, ez baitut faborito garbirik ikusten. Gakotik hasiko naiz, eta niretzat Xala da. Xalak du giltza, berak edozein partida dominatu dezakeelako.Beste hirurek euren maila emango dute ziur, eta Xalak ere hala egiten badu, gorri izango da finala. Ikusteko dago, baina, egiteko kapaz den hori erakusten duen.

Atzelarien txapelketa dela diote, eta nik finaleko bien lana nabarmendu nahiko nuke. Merino gaztea izan da txapelketako onena, harrigarria hark eginikoa. Ikustekoak izan dira defentsan, ia kantxa guztia kubritu beharrean, egin dituen ahalegin fisikoak. Lehen Titinek laguntzen zion atzelariari eta orain berak behar du laguntza. Dena den, goratzekoa da Augustoren lana ere. Beti onenak emanda dagoela dirudi, baina berriz ere final batean dago. Merinorekin jokatzeak mesede egin dio. Gaur ikustekoa izango da, era berean, gazteak presio nola kudeatzen duen. Eta Laskurain: Xalak partida batzuetan eman duen maila ikusita, meritu handia izan du berak eginikoak. Txapelketa luzean bera izan da erregularrena. Behetik gora egin duen bikote bat izan da.

Ustekabeko finala da, eta hein handi batean txapelketa luzearen ondorio. Nik, onartzen dut, Irujo-Barriolaren eta Olaizola II.a-Beroizen arteko finala espero nuen, baina lau hilabetean sasoi on eta txar boladak izateko arriskua dago. Beste behin ikusi da, eta topiko kutsua duen arren, izenarekin bakarrik ez dela irabazten. Bitxia da estatistikoki bikote onena izan dena finaletik kanpo dagoela, bikote guztiei bi aldiz irabazi diena! Hausnarketa eginez gero, txapelketako bikote onena ez da txapelerako lehian, baina une erabakigarrira ez ziren ondo iritsi, eta horrek utzi ditu bidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.