Jon Ander De la Hoz.

Itsaso urdina

2024ko ekainaren 29a
05:05
Entzun

Alferrikakoa da argiarena egitea: jakingura asko apaldu dute ekaineko estropadek. Bi ontziren nagusitasunak urardotu du kinielen jokoa. Ba ote da Bermeo eta Arraun Lagunak nabarmendu ez dituenik. Gainditu beharreko taldeen rola dute ligak abiatu aurretik. Elastiko urdinak izerdituta urdindu dute itsasoa, esfortzu tanten bidez.

Erabat asmatu dute txapelketetan, eta ondorioa argia da: haiek soilik dute dena irabazteko aukera. Horretan saiatuko dira. Nago, ordea, txapelketa federatiboen aurreratzeak ekarriko duela bestelako konturik liga hasiera honetan. Ontzi gehienek egokiera onean ekingo diote sasoiari. Iazko tokian hasiko dira aurtengo Eusko Label eta Euskotren ligak. Lehiak uxatu duen artegatasuna ez dezatela eremuko baldintzek ekarri —itsaso trapaildua eta hondarra ez dira ondo ezkontzen—.

Txapelketak kito, beste upel bateko sagardoa da ligarena. Erregulartasunaren txapelketan goian amaituko bada, tentuz erreparatu behar zaie aldagai guztiei. Haietako bat da aurtengo Euskotren ligako estropada kopurua. Zortzi ziren hasieran, hamabi gero, hamalau segidan. Orain hamasei, agidanez. Txapelketa ari da bere bidea egiten, baina azken urratsa falta zaio. Esanguratsuena. Helduko da hori ere.

Gizonezkoen lehiak hogei estropada izango ditu, ohi bezala, eta inor ez da egongo deus oparitzeko moduan. Are gutxiago, beraz, lehendabiziko jardunalditik. Nahiz eta Galiziarako bidaiek zenbait buruhauste eragin dituzten azken urteetan. Kilometro ugari euskal herritarrentzat. Musika ona da errepiderako: Lagwagon, Anari, Rino Gaetano. Ma il cielo è sempre più blu. Itsasoa ere bai... orain artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.