Nerea Zusberro Alberro.
Futbol entrenatzailea

Ustekabeko gonbidatua

2024ko ekainaren 1a
05:00
Entzun

Borussia Dortmund Txapeldunen Ligako finalera iritsi da, inork espero ez zuen arren. Heriotzaren multzoa gainditu ostean, PSV, Atletico Madril eta PSG kanporatu zituen. Hala ere, daturik txundigarriena da lehiaketa osoan bost gol bakarrik jaso dituela: bi ligaxkan, eta hiru kanporaketetako sei partidetan. Talde sendoa eta lehiakorra da, oreka handikoa jokoaren fase guztietan. Baina futbolarekin bakarrik gelditu ahal izango du mirarizko egoeran dagoen Real Madril?

Sendotasuna defentsan

Dortmund gai da partidaren fase luzeetan baloirik gabe moldatzeko. 1-4-1-4-1etik abiatuta, 1-4-5-1 eran antolatzen dira bloke baxuan, barneko erreiak ixteko. Haren erasoko hegalekoek defentsarako gaitasun handia dute. Bloke gisa, alderik alde oso ondo baskulatzen dute aurkariaren zirkulazio horizontalen aurrean, eta lerro arteko harrerak arrakastaz saihesten dituzte. Real Madrilek bi bide izango ditu alemaniarren nagusitasun defentsiboa hausteko.

Kroos, giltza gisa

Real Madrilekin jokatuko duen azken partidan, Kroosek finala irekitzeko giltza taktikoa izango du. Baloi irteeran, bere posizioa atzeratu ohi du, erdiko atzelariekin hiruko lerroa osatuz. Egoera horrek zalantzan jarri zituen Sancho eta Adeyemi Dortmunden erasoko hegalekoak, PSGren aurka. Sanchoren erabakia zaila eta erabakigarria izango da: Kroosen gainera jauzi egitea oposiziorik gabe baloia filtratu ez dezan edo eustea Real Madrilen ezker alde indartsuaren aurreran. Ancelottik ezker alboan Vinicius, Rodrygo eta Bellingham pilatzen ditu. Horrez gain, beste kontu bati erantzun beharko diote. Real Madrilek aurrera egitea lortzen ez badu, baloia Kroosengana itzuliko da, Dortmund eskuin albo horretan murgilduta dagoenean. Euskarriak pase luze gurutzatua bilatuko du Carvajal edota Valverde topatzeko, area zapaltzeko moduan daudela.

Desmarkatze mugimendu gurutzatuak

Bai Hummels, bai Schlotterbeck oso nagusi aritu dira txapelketan, baina defentsa zaintzen nabarmen sufritzen dute defentsa lerroa hausten duten desmarkatze mugimendu aurrean, bereziki erdiraketa diagonala baldin bada. Bellingham eta Vinicius jokalari aproposak dira hausturak bilatzeko.

Fuellkrug, aurkariaren zelaian finkatzeko

Dortmundek tresna ugari ditu baloia motzean ateratzeko, baina bere irteera zuzena funtsezkoa izan daiteke. Aurkaria erakartzearekin batera, Brandt eta Fuellkrug erdiko atzelariekin parekatzen dira, azken horrek irabaz dezan aireko lehia. Tchouamenik ez du jokatuko, eta horrek ere Fuellkrugi abantaila eman diezaioke euskarriaren aurrean. Behin duelua irabazi, Sabitzer bala bat bezala agertzen da jokaldiari jarraipena emateko eta Adeyemik sakontasunari egiten dio eraso erasotzen du. Oso automatizatuta daukate.

Aulkira begira

Terzicek buruz errepika daitekeen konfiantzazko hamaikakoa du, baina partida luzatzen bada, ez du bermerik aulkira begiratuta. Ancelottiren kasuan, ordea, aulkian dituen jokalariengatik iritsi da finalera. Horixe da finala erabaki dezaketen beste gakoetako bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.