Finala noiz iritsiko irrikan nago. Benetan diot, partida oso ona ikusiko dugula uste dudalako. Ez nazazue Bilboko pilotalekuan bilatu, etxeko epeletik ikusiko baitut. Poztu egin nau pilotalekua bete egingo dela jakiteak. Susmoa dut partida hasiera gogorra izango dela, orekatua, eta bietako bat leher daitekeela. Pena emango dit amaierak, biek txapela merezi dutelako. Altuna iaz tanto bakarrera gelditu zen, eta Urrutikoetxeak txapelketa ezin hobea egin du.
Apustuak Urrutikoetxearen alde irtengo dira, eta ez nau harritzen. Jokatu dituen lau partidak nagusitasunez irabazi ditu. Beste maila batean dagoela erakutsi du. Beti izan da pilotari oso-osoa, baina, aurten, arlo fisikoan beste pauso bat eman duela iruditu zait. Bere estiloagatik badirudi ez duela pilotakada asko behartzen, baina abiadura izugarria ematen dio pilotari. Finalerdietan ni jokatzeko nengoen, baina ez nuen nola aurre egin asmatu.
Ez nuen asmatu, egun, Urrutikoetxeak zulorik ez duelako. «Zer egin behar du Altunak irabazteko?», galdetzen didate. Bada, oso ondo jokatu, baina ez dadila ahuluneren baten bila hasi, Urrutik ez dauzkalako. Oso zaila da hari irabaztea. Baina, tira, hari norbait irabazteko gai baldin bada, hori Altuna da. Izan ere, Jokinek magia du bere jokoan, bere jokatzeko modua artea da, eta, egun ona baldin badu, edozeini irabazteko kapaza da.
Altunak esan du ondo hasi beharra duela, eta egia da, iaz nire aurka galtzen hasi zen. Beti komeni da ondo hastea, baina hori ezin da ziurtatu, eskarmentu handiko pilotariak ikusi ditut nik finalei gaizki ekiten. Urrutikoetxeak eskarmentu handiagoa du, final gehiago jokatu ditu, eta horrek lagun diezaioke hasieran. Gainera, pilotalekuak mesede egingo dio, erreakzio mantsoetarako egokia delako. Baina Altunak ere ondo jokatu izan du bertan. Ez du txapelarekin itsutu behar, 21 urte baino ez ditu, eta asko du hobetzeko. Nik ez dut inoiz ikusi 21 urterekin hark adina jokatzen duen pilotaririk.
Lau eta erdiko txapelketa. ANALISIA
Urrutikoetxeak ez du zulorik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu