Euskal Herriko Itzulia. ERRELEBOKA

Umetako ametsa bete dut

Mikel Iturria.
2021eko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Zortzi urteren buruan itzuli da Euskaltel-Euskadi etxeko lasterketara, eta ni neu, behintzat, pribilegiatua naiz horregatik. Kolore hauekin etxeko proba nagusian lehiatzeagatik zerbait berezia sentitu nuen atzo. Umetan neu nintzen zalea Euskal Herriko Itzulian, 2000ko urte hasiera haietan. Animatzen egoten nintzen Euskaltel, eta orain taldeko kide izatea eta zaleek ni animatzea handia da. Umetan amets bat zen hau gertatzea, eta orain, ni neu naiz protagonista.

Etapari dagokionez, erlojupekoa izanda, aparteko urduritasuna zegoen. Luze egin zitzaidan eguna: goiz joan ginen ibilbidea ikustera, beroketa egin eta abar. Gero, lasterketan, ondo sentitu nintzen etapan, eta lan txukuna egin nuen. Etaparen hasiera gogorra zen, lehen bi kilometroetan asko igo behar zelako. Gero, gainera, ez zegoen jaitsierarik, ematen segitu beharra zegoen, eta ni atera nintzenean, haize dezente zegoen kontra. Nire kasuan, bizikleta aurretik dezente mugitzen zitzaidan haize kolpe indartsuekin.

Haizea bakarrik ez, zaleak ere sentitu nituen, eta ondo etorri zitzaizkidan animoak, nahiz eta mugatua izan haien presentzia, pandemiagatik. Berotasuna txikiagoa da, eta irteera inguruan ere faltan bota nituen etxekoen edo gertukoen animoak eta babesa, etapa prestatzen eta berotzen ari nintzen bitartean. Iaz, hala ere, okerrago geunden, ezin izan zelako Itzulia egin, eta korritu ahal izatea ez da gutxi.

Hemendik aurrera, saiatuko gara protagonistak izaten, esprinten batean sartzen, Mendiko saria lehiatzen eta ihesaldietan ibiltzen. Zaila da gauza handiak lortzea, baina urteko helburua daetxeko lasterketa taldearentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.