Felipe Eizagirre.
ARRAUN-MINEZ

Uhartetik barrura

2015eko irailaren 8a
00:00
Entzun
Igandean arraunaz gozatu ez zuenak, hobe luke beste zaletasunen bat bilatzen hastea; kostatuko baitzaigu, hasi eta buka, ordukoa bezain ikuskizun zirraragarriaz berriro gozatzea. Datorren lehiaren ataria nahi genuen aldarterik onentsuenean geratu dela ikusita, ordea, hurrengo igandea izan liteke egun aproposa horretarako. Zaleok badugu zita.

Emakumezkoek galdera ugari utzi zizkiguten bueltako luzean. Zumaiak laugarren kalera azkartxo egin izan ez balu... Hibaika estribor aldera eramaten utzi izan balitz... Eragingo ote zukeen horrek guztiak haien eta sanjuandarren emaitzetan? Balu eta balitz, ametsaren bi hitz! Kontua da hiru ontziak segundo eskasean zeudela txanda bukatzeko minutu erdiaren faltan, eta esprintak markatu behar izan zituela aldeak; txikiak baina psikologikoki nabarmenak diren tarteak. Uhartetik barrura egon zen gakoa...

Bermeok, espero genuen taldearekin, espero genuen errendimendua atera zuen gero. Txanda haustera zihoala uste genuen aldiro, ordea, Orio oso oldarkor batek estutu egiten zuen. Irla igarota, mirotzaktxo-engandik sei segundora baino ez zeudela ikusita, denak airean zirudien. Baina, batak asmatuta eta besteak hustuta nonbait, orduantxe hasi zen bermeotarren benetako ikuskizuna; ikaratzeko moduko azken txanpa. Irudiak eta denborak hor daude. Uhartetik barrura egon zen gakoa...

Hondarribiak, bat baino gehiago harrituta utzi gintuen taldearekin, estropada harrigarria egin zuen. Ia hasieratik bakarka, irla pareraino Bermeoren denboretan zetorren. Urdinen azken txanpa gogor hari eutsiko ote zioten zen kontua. Irudiak eta denborak hor daude; eta ni, oraindik, ahoa itxi ezinda. Uhartetik barrura egon zen gakoa... baina ez zuen ezer ere erabaki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.