Ozta-ozta, baina bai, bizirik atera gara infernu-asteburu honetatik. Estropada bat gogorra da izatez, baina horri egin duen beroa gehitzen badiogu, sufrimendu bat bihurtzen da bere osotasunean. Beroketaren hasieratik bukaerara eguzkiaren azpian kiskaltzen gara, inongo gerizperik gabe. Eta horrek asko eragiten digu, izan ere, ur eta gatz pila galtzen ditugu, eta horiek berreskuratzea ez da inoiz erraza izaten. Kontraesana dirudi ur eta gatz artean gabiltzanean elementu horiek galtzea... Horrek guztiak, esan bezala, eragin zuzena du gure errendimenduan, gure jardunean, eta estropadak sufriezinak egiten zaizkigu.
Larunbatean Hondarribian izan ginen. Niri asko gustatzen zaidan estropada da. Hala ere, aurten kritika bat daukat, eta txoko hau aprobetxatuko dut pentsatzen dudana adierazteko: oso ikusgarriak egoten dira bai arroka aldea, jendez beteta, eta baita hondartza ere, milaka lagunekin; baina, lotsagarria da itsasontzi batzuek izan ohi duten jarrera. Hondarribia arraun kultura barru-barruan duen herri bat izanda, nola ibil daitezke haien ontziekin errespetu falta horrekin? Nola ibil daitezke alde batetik bestera geratu gabe estropada jokatzen ari den bitartean? Ahoa madarikazioz betetzen zaigu Santanderrera joaten garenean, han ontziak nahierara ibiltzen direlako, baina hemen zer gertatzen da, ba? Badago baten bat estropada hau Zarauzkoarekin alderatu nahi duena, baina hau konpondu arte ez da inoiz haren parean egongo, nahiz eta milaka pertsona joan.
Bestalde, San Miguel ligako sailkapenaren beheko aldera joango naiz aste honetan, gauzak oso estu baitaude Orioren eta Camargoren artean. Puntu bakarra dago bi traineru horien artean, eta bi estropada falta dira jokatzeko, nor jaitsiko den zehazteko. Eta Oriok arazo larriak izan ditzake. Orain arte kanporaketan egongo zela pentsatzen genuen, baina, asteburu hau eta gero, Orioko herria azken postuaren zulo beltzean egongo ez den beldur izango da. Ligako bi estropada besterik ez dira geratzen, eta oriotarrek oso gertu dute Camargo.
Trapailazko olatutik
Ufa!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu