Ane Sanchez Goyogana

Uda, gozatzeko unea

2024ko ekainaren 28a
05:25
Entzun

Arraunlariok beti aipatzen dugun negu gogorra pasatu ostean, iritsi zaigu ekaina. Denboraldiaren esperoa laburrago egin dute txapelketek, eta ikusleak eta komunikabideak dantzan jarri dituzte, datorren denboraldirako aurreikuspen eta hipotesiak sortuz. Epaiketa moduko bat izaten dira denboraldi aurreko testak. Udako estropadei begira, taldeak maila ezberdinetan kokatzen dira, eta irabazteko faboritoak sortzen dira; arraun taldeetan presio bat ezarriz, eta buruko lanak areagotuz.

Arraunlariok, aldiz, hasiko den ligari begira gaude, helburu finkoekin, prestakuntzak horretarako baitaude planteatuta. Eta bertan ikusiko da traineru bakoitzaren benetako maila. Bertan hasiko da jolasa. Iritsi da entrenamendu gogor eta egun ilunak ahazteko unea, taldekideekin hara eta hona mugitzekoa, ordu luzeetako lana minutu gutxi batzuetan erakustekoa. Ulertzeko hain zaila den gure udarari xarma eta zentzua ematen dioten egunak datoz. Ez arraunlariontzat soilik, baita arrapala eta kai-muturrak kolorez betetzen dituzten zaleentzat ere, guk bezainbeste bizi duten horientzat.

Joan den urtea bezain liga zirraragarri eta irabazle anitzekoak espero dira. Arraun talde guztiak, buru-belarri hasiko dira arraunean semaforoak irteera eman eta estatxak askatu ostean, alboan duten traineruari irabazteko ahaleginak egin eta, hala ez bada, aurkariei garaipena zaila jartzeko. Elkar estutu, batak bestea hobea egin, eta aurreko urteetako maila hobetzeko asmoz. Historian idatzita geratuko diren momentu eta anekdotak sortzeko denboraldi berria heldu da, gozatzeko unea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.