Txirrindularitza. Italiako Giroa. Errozaten gora

Txiza egin ezinik

Mikel Nieve.
2011ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Etapako nekearekin nahikoa ez, eta hementxe gaude, txiza egiteko gogoa noiz iritsiko zain. Kontrola pasatzea egokitu zaigu, eta pixka batean hemen egon beharko dugula iruditzen zait. Gainerakoan, 12,7 kilometro besterik ez ditugula egin ikusita, egun lasaia izan dela pentsatuko duzue, baina gogotik sufritu dut. Igandeko etaparen ordaina jaso dudala esango nuke. Atseden eguna ere nahikoa lasai igaro genuen, eta hasieratik asko kostatu zait erritmoa hartzea.

Bete-betean hasi gabe ere, erritmo ona hartzen saiatu naiz lehen kilometroetan, ondoren igoera ona egiteko helburuarekin. Baina aldapa iritsi bezain pronto ikusi dut ezin nuela pedalkada onik eman. Hankek ez zidaten behar bezala erantzuten, eta, ahal dudan guztia egin dudan arren, ez dut egunik onena eduki.

Hala ere, lehen hamarren artean gaude sailkapen nagusian, eta, behin hor egonda, saiatuko naiz postu horri eusten. Egunero dago zailtasunen bat Giro honetan, beti dago mendateren bat tartean, eta aurrean ibili beharko dugu. Ihesaldietarako dira aproposak hurrengo etapak, baina aurrean gaude gu, eta ez dut uste ihesaldi horietan sartzeko aukerarik izango dugunik. Azkenean, denek defendatu nahi izaten dugu sailkapen nagusiko postua.

Hurrengo bi etapetan Nibali, adibidez, goraka ez bada, beheraka saiatuko da lasterketa mugitzen, eta adi ibili beharko dugu. Beste bi etapak, berriz, mendatean amaituko direnez, mugimendu handia egongo da, eta ea aurrekoei eusteko gai garen.

Igor [Anton] eta biok elkarrekin gaude logelan, eta, egia esan, nahiko berezia izan da egoera. Denboraldi osoan elkarrekin egon gara, lasterketa asko egin ditugulako batera eta entrenamenduetan ere elkarren ondoan ibili garelako sarritan. Horregatik, denboraldi hasierako miseriei bueltaka ibili gara egunotan. Bera bizkarreko minez ibili zen, eta ni gripeak jota egon nintzen. Poztasun momentu hauetan, denboraldi hasiera zeinen gogorra izan zen gogoratuz ibili gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.