Dagoeneko jakingo duzue igandeko etapan sabotaje txiki bat egon zela Tourrean, baten batek txintxetak bota zituelako mendatean gora. 30 bat txirrindularik zulatu zuten gurpila, pare bat motok eta auto batek ere bai... Ez zen batere gauza polita izan, besteak beste Cadel Evans atzean geratu zelako, sailkapen nagusian denbora asko galtzeko arriskuarekin; eta are larriagoa dena, Fredrik Kessiakoffek lepauztaia hautsi zuelako, txintxetekin gurpila zulatu izanaren ondorioz. Ezer gertatzen ez denean hor geratzen dira anekdotak, baina horrelako gauza larriak gertatzen direnean, salatu beharra dagoela uste dut, berriz gerta ez daitezen.
Txirrindularitza, zoritxarrez, leku ireki batean egiten da, ez daukagu estadiorik edo leku itxirik, eta arrisku hori etengabe dago hor. Edozeinek edozein txorakeria eginez gero, txirrindularia izaten da kalteturik handiena. Orain dela urte batzuk kontatu nizuela uste dut, Tourrean bertan, tropel erdian nindoala, ikusle batzuek pixaz beteriko kubo bat bota zigutela gainera. Nahiko desatsegina izan zen. Tourrak beti esaten du zaleak zaindu egin behar direla, baina, zoritxarrez, hainbeste milaka zaleren artean, beti egoten da igandekoaren parekoren bat.
Evansen inguruan izan zen nahikoa zalaparta, gurpila zulatu ondoren tropelak hasieran ez ziolako itxoin. Horrelakoetan, askotan erabaki izan da itxoitea, baina beste askotan, ez. Ika-mika handia sortzen du horrek, eta nik ez dut jarriko inongo araurik. Baina argi daukat itxoitea erabakiz gero denei itxoin behar zaiela; eta ez itxoitea erabakiz gero, inori ez. Horrelako ezbeharrak liderrei gertatzen zaizkienean izaten dira erreakzioak, baina Amets Txurruka erori zenean, adibidez, beste hainbat txirrindulari ere joan ziren lurrera, eta inor ez zen geratu zain. Baina, tira...
Eta Pirinioen atarian gaudenez, zaleei dei bat egin nahiko nieke, jarrera ona izan dezaten. Urteen poderioz lortu dugu zale eredugarrien sona hori, eta ez dezagun galdu zale onenaren zigilua. Pirinioetako maldetan, beraz, zale horiek porta daitezela orain arte bezain ondo.
Txirrindularitza. Frantziako Tourra. Nire txokotik
Txintxeta batekin, etxera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu