Txirrindularitza. Italiako Giroa. Errozaten gora

Txikituta, baina lo seko

Juanjo Oroz.
2011ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Ez dizuet gezurrik esango: txikituta nago. Atzo [herenegun] kolpe handia hartu nuen asfaltorik gabeko zatian, eta gorputz guztia minduta daukat. Harri txikiz josita geratu zitzaidan gorputza, eta medikuak lan ederra eduki zuen nirekin. Belaunean kolpe handia daukat, eta oso hazita dago. Horrekin nago arduratuta. Eskua ere hazita eta moretuta daukat, baina ez dit min handirik ematen; ukondoan ere kolpea daukat, eta bizkarra erabat urratuta dago. Esan dizuet: txikituta nago. Baina, gezurra badirudi ere, zoragarri lo egin dut gauean; lo seko egon naiz esnatzera etorri diren arte. Atseden hartu dut behintzat. Ez naute etxera bidaliko!

Sasoi onean iritsi naiz Girora, eta itxaropentsu nago. Sufritzea tokatzen zait orain, baina Giro honetan bertan saria jasoko dudala sinetsita nago. Mendiko lehen etapa serioa daukagu zain, eta guretzat etapa garrantzitsua izango da, aurrean ibiltzeko moduko txirrindulariak dauzkagulako taldean. Mikel [Nieve] eta Igor [Anton] indartsu daude, eta ea gauza politen bat egiten dugun. Hala ere, ez dut uste Monteverginekoa eurentzat igoerarik aproposena denik. Niretzat da, agian, egokiagoa, ez delako gogor-gogorra; baina ea nola sentitzen naizen. Hobeto nagoela ikusten badut, hazi egingo naiz. Baina osatzea da orain kontua: kremak ondo eman, ondo jan, lo egin, atseden hartu...

Badakit egunotan jendea ibilbidea kritikatzen ari dela, baina nik ez dut halakorik egingo. Bai, ni ere erori egin nintzen, neurri batean hartxintxar gehiegi zegoelako errepidean. Baina aurretik zihoan txirrindularia erori zelako joan nintzen ni lurrera. Ikusteko zoragarria izango zen etapa, ezta? Ba, kito. Dotore asfaltatuta dagoen zuzengunean ere erortzen gara batzuetan. Azken batean, txirrindulariok hartzen ditugun arriskuen araberakoa da dena.

Eta faboritoei buruz bi hitz eginda, Scarponi oso-oso indartsu dagoela esango dizuet. Une honetan ez dakit bera ez ote den faboritorik handiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.