Orain arteko asteburu borobilena izan da azken hau. Badirudi Euskadiko Txapelketako arantzak eta ligako geldialdian egindako entrenamendu saioek arraunkera sendotzen lagundu digutela. Sentipenak, denborak eta emaitzak primerakoak izan dira!
Urte berezi honetan, garaipenak ere bestelakoak izan dira. Iazkoekin alderatuta gehiago sufritu dugun arren, garaipen bakoitza gehiago disfrutatzen lagundu digu egoerak. Ezin ditugu ahaztu taldekide berri eta gazteenen ilusioak eta kezkak. Nork esango zigun bi jardunaldiren faltan lortuko genuela bigarrenez Euskotren liga? Ligan egon denak badaki lehenengoa asko kostatzen dela; beraz, imajina dezakezue goian mantentzea ere zenbat kostatzen den.
Martxoan, Txiki trainerua apalean gorde eta San Nikolas ontzian itsasoratu ginen ekainean. Beste berrikuntza bat gehiago denboraldi honetan. Iaz, herritarren laguntzarekin erositako traineru berriekin TKE eta KAE 2 ligen garaipena lortu eta gero, Euskotren ligan estreinakoa egiteko prest zegoen. Garaipenak herrian betiko moduan ospatu ez arren, herritarren izenak barruan eramateak sentiarazten digu haien bultzada.
Matematikoki irabazita daukagu liga, baina bi estropada falta dira jokatzeko, eta bandera bat emateko. Beraz, azken asteburuan lor ditzakegun emaitzek liga amaiera gaziagoa edo gozoagoa egingo dute. Ez ditzagun ahaztu aurkariak, borrokarako prest baitaude, eta gure mailarik onena lantzen jarraituko dugu egun hauetan. Amaiera gozo bat eman nahi diogu ligari begiz jota dugun Zarauzko estropadan, datorren asteburuan. Ondoren, hamazazpi egun luze izango ditugu Kontxako Banderarako sailkapen estropada prestatzeko.
Arrauna. 'TXIKI'-TIK
'Txiki'-tik 'San Nikolas'-era
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu