Ezinezkoa da Txapeldunen Ligari buruz hitz egitea formatu berria aipatu gabe. Aurreko denboraldira arte, aurrena, multzoen fase bat zegoen. Guztira 32 talde lehiatzen ziren, lau taldeko zortzi multzotan banatuta, eta multzo bakoitzeko bi onenak sailkatzen ziren final-zortzirenetarako. Formatu berriarekin, 36 lehiatzen dira, eta sailkapen taula bakarra duen zortzi jardunalditako liga handi bat jokatzen dute lehenbizi. Aldaketak Europako talde handien arteko partidak bermatzen ditu lehen fasean, kanporaketetara iritsi beharrik gabe. Gainera, multzoetan azken jardunaldian ohikoak ziren partidak, jokoan ezer ez zutenak, atzean utzi nahi ditu. Baina lehia orekatuagoa ere lortuko al du partida guztietan?
Lehen ondorioak
Oraingoz jardunaldi bat jokatu da, eta, azterketaren bat egiteko goizegi bada ere, joan den denboraldikoekin erkatuz gero, alde nabarmenak utzi dizkigu emaitzetan. Lehen jardunaldian jokatu ziren hemezortzi partidetan, hiru berdinketa baino ez ziren izan; aurreko sasoian, berriz, bost izan ziren hamasei norgehiagokatan.
Gainera, zozketako lehen ontzian zeuden taldeek, esaterako UEFA koefizienterik handiena dutenek, aurreko denboraldian baino puntu gutxiago lortu zituzten formatu berri honetan. 2023-2024ko denboraldian, aurreko ontziko zortzi taldeetatik seik lortu zuten garaipena. Denboraldi honetan, ordea, bost garaipen, bi berdinketa eta bi porrot izan ziren. Manchester Cityren eta Inter Milanen arteko norgehiagoka, adibidez, golik gabe bukatu zen.
Aldi berean, formatu berriarekin, laugarren ontziko taldeek askoz puntu gehiago lortu zituzten. Bederatzitik lauk irabazi zuten; horien artean, Unai Emeryk zuzentzen duen Aston Villak. Aurreko denboraldian inork ez zuen lortu lehen jardunaldian irabaztea. Hasieran, beraz, badirudi formatu berriak lehia handiagoko partidak ekarri dituela, bai taldeentzat, bai ikusleentzat.
Liga handi bakarra
Lehietan egon den orekaren arrazoietako bat da lehenengo ontziko taldeek onura txikiagoak dituztela. Ontzi batean edo bestean egotea dagoeneko ez da horren garrantzitsua. Areagoa, apenas duen eraginik. Izan ere, talde guztiek bi partida jokatu beharko dituzte ontzi bakoitzeko bi talderen aurka, bat etxean eta bestea kanpoan; aurkari berarekin berriro aritu gabe, noski. Orain arte, multzoen fasean ez zuten beren ontziko taldeen kontra jokatzen.
Horrenbestez, hurrengo faserako sailkapenari begira, kalkulagailuari erreparatu beharko diote taldeek. Jokoan dauden 24 puntuetatik hamasei lortzen dituzten taldeek %98ko probabilitatea dute liga lehen zortzi postuetan amaitzeko. Talde horiek zuzenean sailkatuko dira hurrengo faserako. Hamar punturekin, %99ko aukera dute bederatzigarren eta hogeita laugarren postuen artean sailkatzeko. Talde horiek kanporaketa bat jokatu beharko dute final-zortzirenetan egoteko. Hori guztia kontuan izanda, lehen jardunaldian irabazi zuten taldeek beste bi garaipen eta berdinketa bat baino ez dute beharko hurrengo faserako sailkatzeko. Txapeldunen Liga berri honetan, beraz, puntu bakoitzak balio du; baita gol bakoitzak ere.
Gol banaketa
Talde handiek garaipen gutxiago lortu dituzte. Gol kopurua ere txikiagoa izan da. Jokatu diren hemezortzi partidetan, 57 gol sartu zituen lehen jardunaldian: 3,17 norgehiagokako, batez beste. Aurreko sasoian kopurua antzekoa izan zen. 48 sartu zituzten hamasei norgehiagokatan. Baina, oraingo honetan, kontuan izan behar da Bayern Munichek, Harry Kane beteranoa eta Michael Olise gaztea buru zirela, bederatzi gol sartu zizkiola Dinamo Zagrebi; Celticek, berriz, 5-1 irabazi zion Slovan Bratislavari. Bestalde, Bayer Leverkusenek 0-4 hartu du mendean Feyenord. Xabi Alonsok zuzentzen du Leverkusen, eta txapelketako ezusteetako bat izan daiteke. Oro har, eredu berriarekin ez dago tarterik espekulaziorako.
Txapeldunen Ligako partida guztiek xarma berezi dute. Gaurtik hasita bigarren jardunaldia jokatuko da, baina talde handien arteko partida gehiago ikusteko hirugarren jardunaldira arte itxaron beharko dugu. Bartzelonaren eta Bayern Munichen arteko neurketaz gain, aurrez aurre izango dira Txapeldunen Ligako azkeneko finala jokatu zuten bi taldeak, Real Madril eta Borussia Dortmund. Bi partida horiek zaleen arreta osoa erakarriko dute.