Itxako. Milenkovic(1), Pinedo(4), Aguilar (1), Tervel (2), Agirre (4), Alonso (1), Barbosa (6) —hasierako zazpikoa—; Egozkue (2), Barno, Martin (4, 3p), Sopronyi (3,1p), Fernandez (6) eta Fachinello (2).
Elda. Trigueros, Said (1), Garcia (1), Faria, Cembranos (1), Gabaldon (2), Frances (2) —hasierako zazpiko—; Sanchez, Rodriguez (5, 3p), Espinola (2), Morales (2), Segura, Requena eta Lopez (1).
Markagailua. 3-0, 4-2, 10-2, 13-3, 15-7, 17-10 (atsedenaldia); 20-12, 23-13, 28-23, 30-14, 32-16 eta 36-17.
Epaileak. Ausas eta Florenza. Bi minutuz kanporatuak: Itxakoko Barno eta Tervel; eta Eldako Garcia (bi aldiz), Cembranos eta Lopez (bi).
Bestak eta aldarrikapenak bat egin zuten atzo Lizarrako kiroldegian. Itxakok ABF liga irabazi zuen laugarrenez jarraian, Elda mendean hartu eta gero (36-17). Baina garaipenaren pozak ezin izan zuen uxatu, erabat, taldeak bizi duen egoera ekonomikoak jokalariengan eragin duen tristura, kezka eta ezinegona. Jokalariok euren lana egin zuten. Pistan irabazi zuten atzo jokoan zuten txapela. Zuzendaritzako kideei, halaber, haiek ere beren lana egin dezatela eskatu zieten.
Partida hasi baino lehen, irabazi berri duten Espainiako Kopa jaso zuten Itxakoko jokalariek. Une hori probestu zuten kiroldegian bat egin zuten zaleei bi pankartaren bidez sentitzen dutena azaltzeko. Espainiako Kopako txapeldun, eta kobratu gabe jarraitzen dugu leloa idatzita zuten. Txalo zaparrada jaso zuten. Norgehiagoka amaituta, eta liga poltsikoan zutela, hasierako bi horiekin eta hirugarren pankarta batekin agertu ziren jokalariak eta entrenatzaileak pistan. Espainiako Kopako eta Ligako txapeldun, eta kobratu gabe jarraitzen dugu. Mezua argia zen. Jarraitzaileek txalotu zituzten jokalariak, berriz ere, eta txistu eginez agertu zieten zuzendaritzako kideei haserrea. Zuzendaritzako kideek, hain zuzen ere, partida amaitu eta berehala alde egin zuten palkotik.
Taldearen egoera ekonomikoak gazi-gozo bilakatu zuen atzoko garaipenaren unea. Itxakoko entrenatzaile Ambros Martinek, hala ere, jokalariek egindako lana azpimarratu nahi izan zuen. «Gure helburua liga irabaztea zen, eta lortu dugu. Partida hagitz ona jokatu dugu, eta merezitako saria jaso dugu. Pena da nahi bezala ezin ospatzea».
Zer ospatu bazuen Itxakok atzo, baina Lizarrako jokalarien aurpegietan, poza baino gehiago, samina sumatzen zen. Haietako zenbaitek ezin izan zieten malkoei eutsi. Martinek azpimarratu zuen ziklo bat itxi dela Itxakorentzat, eta jokalarien aurpegiek horixe islatzen zuten. Garaipena ospatzen baino gehiago, datorren denboraldian Lizarran izanen ez direnak agurtzen ariko balira bezala. Martinek berak Itxako utziko du sasoiaren amaieran. Carmen Martin eta Sandy Barbosa jokalariek ere bai. Eta ziurrenik ez dira alde egiten bakarrak izanen. Martinen tokia, Eldako egungo entrenatzaile Jose Ignacio Pradesek beteko du.
«Kontent gaude, liga zaleekin ospatu nahi genuelako. Baina gogorra da bizi dugun egoera. Pena da horrela ibili behar izatea, baina ez genuen bertze erremediorik». Hitz horiekin azaldu zuen Itxakoko kapitain Andrea Barnok jokalariek atzo pankartak ateratzeko hartutako erabakia.
Etxeko jokalaria da Barno, eta ezin izan zuen ukatu gogorra dela oraingo unea. Naiara Egozkuek ere ez. Jokalariak, hala ere, argi utzi zuen azken unera arte izan direla profesional. «Pistan dena eman dugu. Hagitz kontent nago lortu dugunarekin, eta egin dugunaz hagitz harro», azpimarratu zuen.
Elda, aukerarik gabe
Lortutako txapelak eta pistara eramandako aldarrikapenak bigarren maila batean utzi zuten atzo partidan gertatutakoa. Itxako jaun eta jabe izan zen hasieratik, eta aurkaria aukerarik gabe utzi zuen. Defentsan hagitz sendo aritu zen Itxako, eta erasoan eroso. Atsedenaldira zazpi goleko aldearekin ailegatu ziren nafarrak (17-10), eta bigarren zatian bide beretik egin zuten aurrera. Itxakoren lan serioaren aurrean amore eman behar izan zuen Eldak. Liga irabazita amaitu du Itxakok sasoia. Soldata noiz jasoko duten argitzea bertzerik ez zaie falta orain. Lana ongi egin dutela ezin izanen du inork ukatu.
Bertzalde, euskal taldeen gainerako partidei dagokienez, Bera Berak 30-27 hartu zuen mendean Ro'Casa atzo, Bidebietan. Kukullagak, berriz, 23-24 galdu zuen Murtziaren aurka. Castrok berdindu egin zuen gainera.
Itxako 36. Elda 17
Txapeldun, eta kobratu gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu