«Goizuetan bada gizon bat, deitzen zaio Trabuko», dio Berdabioko semeak sortu, Azkuek jaso eta Laboak kantatzen zuen bertso sortako lehen esaldiak. Nafarroako iparraldeko herri eder horri Trabukok eman zion sonak izan du segida bertako seme-alaben eskutik. Eta seme-alaba horien artean daukagu, nola ez, Aimar Olaizola. 1998an egin zuen debuta, 18 urterekin, eta ordutik frontoiz frontoi eta erakustaldiz erakustaldi aritu da Goizuetako aztia. Azken aste luzeetan herri eta frontoi desberdinetan jaso dituen agurrek eta zaleen txalo zaparradek erakusten dute pilotaren munduan utzi duen lorratz luzea.
Umea nintzenean etxeko telebistatik ikusten nuen Olaizola gazte hura, txima luze haiek lagun, botera jokatzeko joera zuena; gerora, garai berrietara egokitu eta horietan ere nagusi bihurtzen ikusi dudan bera. Aimarrek zerbait erakutsi badu, hori garaian garaiko material edo jokora moldatzeko gaitasuna izan da; debuta egin zuen garai hartan boteko jokorako bikainak ziren pilota botetsu haiekin hasi, eta egungo pilota azkar eta aireko jokoarekin bukatzeraino. Denak menderatu ditu: pilotak, jokoa eta aurkariak.
Debutatzeko nengoen garai hartan ezagutu nuen nik. Eibarko Astelena pilotalekuan egin genuen elkarrekin entrenamendu saioa, buruz buru. Berak Oinatz Bengoetxearen aurkako partida zuen asteburu hartan, Buruz Buruko Txapelketakoa; eta aste barruko entrenamendurako handik hiru astera debutatzen zuen gaztea aukeratu. Zoritxarrez, kukuak oker jo zion asteburu hartan. Harrezkeroztik, partida ugari jokatu genituen elkarrekin: enpresako partidak, Binakako Txapelketak, udako feriak, eta abar. Aitortu behar dut berarekin horrenbeste jokatu izanaren zergati nagusietako bat bere kirol ibilbide osoan zehar eman dituen abantailei lotuta dagoela. Alegia, garai hartako Ruben Beloki edo Aritz Beginoren, edo gaur egungo Albisuren aurka jokatzeko, Aimarri, onenari, zama astuna jarri behar zitzaiola atzean. Eta hor nengoen ni. Badakit norbere burua barregarri uztea ekar lezakeela esaten ari naizen honek, baina pilota ongi ezagutzen dutenek badakite zertaz ari naizen. Binakako Txapelketara begira askotan agertu ohi den laugarren atzelari edo aurrelari horretaz ari naiz; Asegarceren kasuan, Aimarrentzat izan ohi zen osagai hartaz. Hala ere, noizbehinka, zama izan beharrean, uztarrilagun ere izaten nintzen; hortik Zarauzko eta Lekeitioko ferietan lortutako garaipenak, edo behin jokatu genituen Binakako Txapelketako finalerdiak. Oroitzapen benetan ederrak.
Azkenaldian, izan da Aimarren izen ona eta bere agur partiden garaia zikindu nahia aurpegiratu didan sasijakintsurik, guztia bere agur partidak aurkeztu zirenean Oinatz Bengoetxea horietako batean ere ez azaldu izanaren inguruko harridura eta desadostasuna adierazi nituelako. Horrek guztiak irakaspen bi eman dizkit. Bata, zenbaitek ez zutela nire gezien norabidea ongi interpretatu, ez baitzen Aimar jopuntuan zegoena, enpresa baizik. Eta, bestea, interpretazio oker horren zergatia duela urtebete bizi izan genuen lan gatazka horren eraginez izan dela; ordukoa askoren gogo morbosoetan dagoela oraindik, alegia. Baina ez nirean. Ez dut garai gogorra izan zela ukatuko, ezta Aimar eta biok parez pare aritu ginela ere, eskuz esku aritu beharrean. Baina nire bizitzan zerbait ikasi badut, eta gure Euskal Herri honek zerbait irakatsi badigu, hori herraren mirabe ez izatea da. Saminak berau bizi edo sentitzen duen horren erraiak gaiztotu besterik ez baitu egiten, eta bizitzan garai zailak ahanzturan utzi eta pozgarriak gogoan gordetzen ikasi behar dugu. Hala uste dut nik behintzat.
Hori guztia dela-eta opa diot Aimarri agur gozo eta gogoangarri bat, merezi duelako; beti esan izan dudan bezala, nire begiek kantxa batean ikusi duten pilotaririk onena izan delako. Asteotan frontoiz frontoi bizitzen ari den guztiak dantzaraziko zituen segur aski bere barrenak, nahiz eta berak horrela ez erakutsi; emozioak azalarazteari dagokionez, pertsona hotz samarra baitugu. Hala ere, gaur Goizuetan jokatuko duen azkeneko partida horretan bizi izango dituenek bigunduko dizkiote barrunbeok; nork jakin, beharbada baita masailetan zehar malkoren bat edo beste irristarazi ere. Azkeneko norgehiagoka berezi bat bizi izan dugunok badakigu zer sentimendu eta bizipen zoragarri agertzen diren, zer ederra den maitasun festa hori. Seguru nago berak ere ez duela lehen kolpean ahaztuko gaurko eguna. Eta ez ezazu ahatz, Aimar. Zu bezalako txapeldun handi batentzat ere, ez baitago maite zaituzten horien maitasunak ematen duen itzal goxoaren pareko txapelik. Gozatu.
ANALISIA
Txapeldun bati agurra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu