Mikel Astarloza.
Txirrindularitza. 2013ko Frantziako Tourra. Nire txokotik

Triste gaude

2013ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Egun zaila izan dugu. Gehienek pentsatzen genuen ihesaldi bat izango zela eta ihesaldi horrek aukera asko izango zituela helmugara iristeko. Horrek zaildu egin du lana lehen kilometroetan. Aurreko bi etapak, batez beste, orduko44-45 kilometroko abiaduran egin ditugu, eta gaur ere egurrean aritu gara hasieratik.

40 kilometroz aritu gara jo eta su, talde guztiek nahi genuelako sartu eguneko ihesaldian. Ahalegin mordoa izan dira lehen kilometroetan, baina eguneko ihesaldia 50. kilometroan osatu da. Eta zoritxarrez, ez dugu txirrindularirik sartu, nahiz eta taldetxo handia izan, hemezortzi txirrindulariz osatutakoa. Jarri gara tiraka, eta azkar hasi da gurekin lanean Lampre, haiek ere ez zutelako inor ihesaldian. Talde bakoitzeko launa txirrindulari jarri gara tropel buruan, eta zenbaitetan, gertu izan ditugu, minutu erdi pasatxora, baina azkar jabetu gara zortzi lagunekin ia ezinezkoa zela. Eta amore eman dugu. Eta horregatik gaude triste, aukera polita zelako ihesaldian sartu eta irabazteko lehian egoteko. Baina halakoa da Tourra. Sailkapen nagusiko lehen hogeiak ez, beste 160ak saiatu gara ihesaldian sartzen, eta hemezortzik bakarrik lortu dute helburua. Esanguratsua da hori.

Gaur egun aproposa zen ihesaldi bat helmugara iristeko, eta bihar ere bai. Etapa oso luzea da, eta sei orduko lanaren ondoren Mont Ventouxen gisako mendate benetan gogorra igoko dugu, bero handiarekin, gainera. Harrituko nintzateke talderen batek etapa guztian zaintza lanak egingo balitu. Horregatik, ziur naiz etapa hasieratik egongo dela lehia bizia ihesaldian sartzeko. Eta gu berriro saiatuko gara aurrean sartzen. Gero, Mont Ventouxen, onenak irabaziko du.

Eta Mont Ventoux aipatuta, orain lau urte amaitu zen azken aldiz etapa bat bertan. Oso ondo gogoratzen dut, ekitaldi ahaztezina izan baitzen, urte horretan irabazi bainuen etapa bat eta azken unera arte egon bainintzen borrokan lehen hamarren artean sartzeko. Urte hartan irabazi zuen Juanma Garatek Mont Ventouxen amaitu zen etapa. Nik, ordea, 10. postua galdu nuen. Urteak joan dira jada, eta ederra litzateke beste euskal txirrindulari bat podiumean ikustea, non eta Mont Ventoux mendate mitikoan. Gu saiatuko gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.