Onena, letra txikia. WNBAn sinatu berri den hitzarmen kolektiboa emakumezko kirolari profesional multzo batek sekula erdietsitako konkistarik handiena da, akaso. Aurrerapena soldatetan antzemango da, ororen gainetik: %50etik gora haziko dira, gutxieneko lansaria 60 bat mila dolarrera igoko zaie jokalariei, eta batez bestekoa 130.000 ingurura. Akordioaren alderdirik interesgarriena, halere, bere izaera integrala da. Oraindaino gehiegi zaindu gabeko hainbat arlotan programak ezarriko ditu ligak, atleten eguneroko zibila errazteko. Haurrak dituztenek amatasun-bajak osorik kobratuko dituzte, eta kantxara itzulitakoan gainsoldatak. Haurrek taldeekin bidaiatuko ahal izango dute, eta frankiziek ordainduko dituzte gastuak, entrenamenduen orduetako haurtzaindegienak bezalaxe. Adopzioaren eta ugalketa lagundurako tratamenduen kasuan, WNBAk 60.000 euro arteko laguntzak aurreikusi ditu beteranoentzat. Horrez gain, tratu txarren aurkako egitasmo zentralizatua eratuko da, aholkulari eta adituekin. Osasun mentalari bideratutako baliabideak ere oparoagoak izango dira. Bidaiei dagokionez, premium economy klaseko aulkiak gorde beharko zaizkie jokalariei (gizonezkoen Euroligako sindikatuak ez du halakorik lortu oraindik). Hoteletan, espedizioko kide bakoitzarentzat gela bat erreserbatuko da.
Pastel zatiarena tranpa da. WNBA negozio errentagarri bilakatzeko bidean da. Frankizien erdiek irabaziak dituzte, merchandising-a urtero %20 hazten ari da, hamabi pabiloietan 8.000 lagun biltzen dira gauero batez besteko, eta ESPN operadoreak ere gero eta gehiago ordaindu behar izan du irudien eskubideen truke. Cathy Engelbert komisionatu berriak (udan kargua hartu ondoren hitzarmen hau ziztu batean adosteko gai izan da) diru-sarreren«bidezko banaketa» ahotan zuela negoziatu du. Ligako beharginekiko tratabide sentibera dirudi, baina ikuspegi merkantilista guztien moduan, irristakor samarra da: kirolari profesionalen tratu ankerra ondorio saihetsezintzat jotzen du, lehiaketak errentagarri bihurtzeko gai ez direnean. AEBetako elitean ez dira 200 jokalari kabitzen, eta saskibaloian profesional moduan mundu osoan ari diren emakumeen gehiengo zabalak esplotatuta segituko du aurrerantzean. Dedikazio osoa eskaini, ordain iraingarriarekin. Ikasketak eta lan merkatuko integrazioa modu arriskutsuan baldintzatu edo atzeratuta. Horixe da ohiko errealitatea, eta ez WNBA.
Courtney Williamsik gabe. Emakumezko kirolari profesionalen ardura ohikoena, lan baldintza ankerrez gain, bizitza heldu normalizatuaren hasiera atzeratzen ibili beharra da. Estresa eta denbora behar moduan aprobetxatzen ez aritzean sentsazioa ohikoak dira. WNBAren hitzarmen berrian itoaldi hori baretzeko egitasmoak probatuko dira. Sasoiak udako hamasei bat aste baino ez ditu hartzen, eta jokalariek gainontzeko hilabeteak etorkizunerako baliagarriak zaizkien jardueretan eman ditzaten nahi da, mentoreekin. Bitartean, liga promozionatzearen truke (kanpusetan eta beste) ere gainsoldatak jasoko dituzte. Komisionatua WNBAko izarrak urte osoz AEBetan atxikitzeko legitimazio bila dabil (orain arte, neguak Europan edo Asian igaro ohi izan dituzte askok, diru-sarrerak osatu nahian). Breanna Stewartenaren gisako kasuak saihestu nahi dira: 2018an ligako txapeldun eta MVP izandakoak orpazurda apurtu zuen pasa den apirilean, Euroligako norgehiagokan. Seattle Stormek liderra gabe defendatu behar izan zuen eraztuna, eta beste talde batekin lesionatu bazen ere, kontratua errespetatu. WNBAko ikurren trashumantzia eteteko Engelbertek botatako hordagoak arrakasta badu, gure kantxetan ere antzemango da ondorena. Courtney Williams hegalekoaren emari ikusgarriak ia titulura eraman zuen Connecticut Sun azken finalean. Hiruzpalau hilabete lehenago, Gernikarekin aritu zen. Soldata hobetzen diotenean, litekeena da Williams Europan sekula gehiago ez jokatzea. Eta gizalege apur bat duen inork ez luke nahigabetu behar.
SASKI DA!
Trashumantzia bukatzera doa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu