A zer-nolako tentsioa dugun tropelean! Esan eta esan ari naiz, ikaragarria delako. Adibiderik garbiena, zenbat erori diren. Tropelean txirridulari gehiago daude lurra ukitu dutenak, ukitu ez dutenak baino. Ni, zorionez, bigarren zaku horretan nago, eta hala jarraitzea espero dut.
Askotan gertatu izan zait sentitzen dudana hitzez azaldu ezina. Dugun tentsioa azaltzeko antzeko zerbait gertatzen zait, baina bi adibide emango ditut. Batetik, gurpilean zulatua izan nuen herenegun, eta mekanikariak gurpil hori erakutsi zidanean konturatu ginen ez zela ohiko zulatua. Balaztada handi baten ondorioz izan zen, eroriko bat saihestu asmoz egin nuena, eta sekulako ebakia egin nion gurpilari. Askok pentsa dezakete gurpilak oso finak direla, baina halako ebakia egitea ere ez da normala. Horrekin esan nahi dut tropelean zer nolako egoerak bizi ditugun edozein momentutan.
Bestetik, kontu bitxi bat aipatu nahi dut. David Moncoutie ihesaldian sartu da gaur —atzo—, eta bere taldekide batekin hizketan aritu naiz horri buruz. Hark esan dit bezperan sekulako beldurra pasatu zuela tropelean Moncoutie berak, eta txikituta iritsi zela helmugara pasatu behar izan zuen tentsioaren ondorioz. Afarian esan omen zien taldekieei ihesaldian sartzeko asmoa zeukala, soilik erorikoak saihesteko. Hortik kontuak atera. Nahiago izan du Moncoutiek, etapa garaipena lortzeko aukerarik ez duen batek, 200 kilometro ihesean ibili tropelean joan baino.
Tentsio guzti horiek etapan zehar izaten dira, egunean bost ordutan, eta hortik kanpora bakoitzak lasaitzeko bere era dauka. Hori bai, musika da ia denon ihesbidea. Bakoitzak bere estilo eta gustua dauka. Euskalteleko bederatzi txirrindulariak lau logelatan gaude, eta bakoitzean entzuten den musikak ez dauka batere antzarik. Samuel Sanchezek, esaterako, bakalao entzuten du, diskoteketako musika. Ni neu gehiegi erlaxatzen nau horrek. Jorge Azanzaren logelan, berriz, nazioartean modan dagoen musika entzuten da. Gorka Izagirrek trikitia du gustuko. Guztiok bat autobusean egiten dugu, Nostalgy irrati katea entzunda.
Txirrindularitza. Frantziako Tourra. Nire txokotik
Tentsioari aurre egin behar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu