mikel reina
Hirukotik

Tarta eta zatiak

2025eko otsailaren 5a
05:05
Entzun

Igandea. 08:00ak. Asteburuko hamaikagarren partidarako prestaketak hasten. Twitterren sartu —inoiz ez diot X deituko— eta partida hasi dela konturatu naiz. Eta ez edozein partida. Sare sozialak sutan. Hasieran, onartu behar dut,albiste faltsu edo txantxaren baten ideia pasatu zitzaidala burutik. Elon Muskek sare sozialaren ardura hartu zuenetik ez da harritzekoa. Egutegia eta guzti begiratu nuen. Egunero zerbait ospatzen da, egunero munduko zerbaiten eguna baita. Ezer ez. Luka Doncic Los Angeles Lakersera.

Merkatua

NBAn inoiz egin den mugimendurik garrantzitsuena dela esatera ausartuko nintzateke. Inoizko ezustekoena bai, behintzat. Inork aurreikusi ez duen mugimendua da: ez da inolako zurrumurrurik egon, imintziorik txikiena ere ez. Gero jakin dira xehetasun gehiago. Urtarrilaren 7tik zeramatzaten Rob Pelinkak eta Nico Harrisonek beren kirol zuzendari bulegoetatik hizketan. Dirudienez, taldeen jabeek bakarrik zekizkiten negoziazioaren nondik norakoak. Jakina da holakoetarako NBA merkaturik krudelena dela. Baina izarrekin kontu gehiago izan ohi da. Zeresana izaten dute. Sinesgaitza egiten zait LeBron Jamesek ezer jakin ez izana.

Kontuak kontu, Luka Doncicek Staples Centerren jokatuko du, eta Anthony Davisek, Dallasen. Aldaketa nabarmena bi proiektuetan, eta denboraldiaren erdialdean. Esloveniarra min hartuta dago. Horregatik ez dute hautatu Izarren Gauerako, ezta ordezko moduan ere. Hain zuzen ere, haren egoera fisikoa eta defentsako lan eskasa jarri zituen Harrisonek arrazoi moduan Doncicen inguruko erabakia azaltzeko. Baina hori kantxako beste aldean ematen dizuna baino askoz gutxiago da. Ez bakarrik kantxan, baita hortik kanpo ere. Dallasen ikurra zen. Instagramen, adibidez, 700.000 jarraitzaile baino gehiago galdu dituzte azken egunetan.

Egiari zor, Luka Doncicek udan inoizko kontraturik onena sinatzeko aukera zuen Dallasen: 5 urte eta 345 milioi euro. Hegalekoak Los Angelesen gehienez 229 milioi euro irabazi ahal ditu urte kopuru berean. Hori bai, Kalifornia Texas baino merkatu askoz handiagoa eta hobea da bestelako kontratuak sinatzeko. Beste kontu bat. 2008ko otsailaren hasieran Pau Gasol jantzi zen horiz, haien urrezko azken garaia abiatuz: purpuraz.

LeBron Jamesen azken saiakeretako bat izan daiteke bosgarren eraztuna lortzeko. JJ Redick entrenatzaile denetik, James bera bilakatuko da taldeko pibota. Azken hiru urteetan bertan jokatu du denbora asko. Bi jenioek ez dute arazorik izango kantxan elkar ulertzeko; erasoan, behintzat, ez. Defentsan, Lakers, Davisekin eta guzti, NBAko defentsarik txarrenen artean hamargarrena zen.

Hain zuzen ere, horren aldeko apustua egin dute Dallasen, baina Klay Thompson ez da Warriorseko bera. Orain Kyrie Irvingek hartu beharko ditu taldeko giltzak, eta normalean ez da oso ondo moldatu horrelakoetan. Apustu erabakigarria da, 30 urte baino gehiago dituztelako hiru izar nagusiek.

Tendentziak

Bihar, 21:00etan, itxiko da mugimenduetarako leihoa NBAn; WNBAn, berriz, otsailaren 1ean zabaldu zen horretarako aukera. Hor ere mugimenduak egon dira, eta, handiak, gainera. Drafteko lehen postuan aukeratutako hiru jokalari tokiz aldatu dituzte: Brittney Griner, Jewell Loyd eta Kelsey Plum. Azken biak mugimendu berean, gainera, ligako 30 urteetan lehen aldiz.

Azkenean tendentzia kontua izaten da, izar berriengana hurbiltzea. Adibidez, gehien eta hobekien indartu diren taldeetako bat Caitlin Clarken Indiana Fever da: Kelsey Mitchell, Natasha Howard, DeWanna Bonner eta Sophie Cunningham fitxatu dituzte. Kasu horretan, eta beste batzuetan ere, entrenatzaileen garrantzia nabarmentzen ari dira adituak, Stephanie White eta Karl Smesko, adibidez; baita frankizia bakoitzaren azpiegiturak ere. Dallasenak, esate baterako, txarrenetarikoak omen dira.

Baina bereziki kontuan hartu beharreko merkatua da, 2025eko denboraldia amaitzen denean hitzarmen berri bat sinatuko delako WNBAn. Horrek paradigma guztiak aldatuko ditu. Horregatik, gehienak urtebeteko kontratuak sinatzen ari dira. Diru gehiago sartuko da, askoz gehiago, eta jokalariek ere beren tartaren zatia hartu nahiko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.