Igandeko partida zoragarriaz hainbat kontu taktiko eta tekniko aipa daitezke: tantoek izan zuten erritmo bizia, batak zein besteak hartutako erabaki zuzen eta okerrak, sake errestoan egin zuten lan ederra, edo Peiok, 17 eta 16 aurretik zihoala, huts egin zuen, eta luzaroan gogoan izango duen, bolea hura. Baina oraingo honetan, finalak erakutsi zizkigun, eta alor tekniko eta taktiko horietatik harago doazen, argazki bi ekarri nahiko nituzke gogora; pilotaren eta kirolaren alderdi humanoaren erakusgarri diren bi.
Lehenengoa, finaleko azken tantoa bukatu bezain pronto, nola Unai eta Peio kantxan, hala Jon eta Andoni botileroen esertokiaren parean, elkar besarkatuz agertzen direna. Hainbat kiroletan ikusten eta sustatzen den lehia itsu eta itsusiaren aurrean, pilotariek, zorionez, kontrakoa agertzen dute aspaldian. Pilotazaleari erakusten diote kantxan ez dagoela areriorik; izatekotan, aurkariak daudela; behin 22.a markagailura igota, berriz adiskide bihurtzen direnak. Bejondeizuela, lagunak; segi hori erakusten eta irakasten.
Eta bigarrena, partida osteko emozioei eutsi ezinik zegoen Unai Laso Lizasorena. Kirolean, momentu gogorretan, izerdia bezalatsu botatzen dira malkoak: tantaz tanta eta uste baino gehiago. Eta esango nuke, izan enpresaren bidegabeko erabakiak, izan aldakako lesio gogorrak eraginda, ondo ezagutzen duela Unaik kirolaren alderdi mikatz hori. Baina, zaplaztekoak zaplazteko eta malkoak malko, aurrera egitea lortu du beti; eta ez dago horren pareko garaipenik, ezta txapelik ere.