Xehetasunak. Detaile txikiek jokaldi ikusgarriek edo garaipen handiek baino gehiago esaten edo erakusten dute sarri. Kanaria Handian, larunbat iluntzean: Nocioni Baskoniako jokalariak garaipena ziurtatzen zuen hirukoa sartu zuen talde osoaren jokaldi on baten ostean, eta Oleson eta aulkiko jokalariak argentinarra bera baino gehiago poztu ziren. Igande eguerdian, Illunben: Donostiara hurbildu ziren Bizkaiako 100 bat zale Katsikaris eta jokalariak txalotzen pabiloitik irten zirenean. Pilepic, Rakovic eta Hamilton, egoerarekin harrituta, zaleek halakorik nola egin dezaketen ulertu ezinik, eta Grimauren azalpena entzuten. Illunbeko prentsa aretoa: kazetarion arteko solasaldia. Epaileen jarduna aztergai. Qyntel Woods eta Lagun Aroko beste jokalari batzuen jarrera berekoiaz iritzi interesgarri bat: «Ez dirudi taldearen mesedetan aritzeko borondate handirik duenik». Woodsi buruz ari zen, eta ez zen kazetaria. Talde izpiritua aldarrikatu zuen Sito Alonso entrenatzaileak derbiaren osteko prentsaurrekoan, arrakastak asko baitu talde lanetik. Eta gaur-gaurkoz, zoritxarrez, Lagun Arok gutxi du talde lanetik.
Derbia, Gipuzkoatik. Partida bukatuta, eta biharamunean, Lagun Aroren porrota ezkutatu nahi izan da. Berripaper batzuek porrota epaileen bizkar jarri dute; beste batzuek, Lagun Aro garaipena lortzetik gero eta gertuago dagoela. Bigarren zatiko erreakzioak, Raul Netok 20 urterekin taldea bizkar gainean hartu izanak, eta Rubio, Ibekwe eta Kuksiksen unean uneko txinpartak bidezko egiten dute garaipenaren gertutasunaren inguruko hausnarketa; baina ezkutatu egiten da lehen erdian Lagun Aro penagarri aritu zela. Bakoitza berera; batez ere, Qyntel Woods eta Iaroslav Korolev, zentzurik gabeko hiruko festa antzuan murgilduta, eta defentsan euren parekoa begiradarekin zainduz. Aintzat hartzeko modukoa, zaleek Woods txistu soinu apalarekin agurtu zutela, Alonsok, ernegatuta, estatubatuarra aulkira bidali zuenean. Partidak berak bakarrik irabazi nahi dituela dirudielako, eta hori ezinezkoa delako. Ezin aipatu gabe utzi Salgado eta Doblasen zenbaki apalak, funtsezkoak baitira. Murtzia da hurrengo geltokia, eta 0-4 balantzea mingarria izan liteke benetan.
Derbia, Bizkaitik. Pozik, garaipenarekin, baina kritiko, irabazita zuten partida galtzear egon zirelako. Gescrapek Lagun Aro hankapean ibili zuen bigarren laurdenean, eta, horri esker, 18 puntuko zulo ia erabakigarria egin zuen. Azken ordu laurdenean, ordea, zonakako defentsan ito zen, eta Raul Lopez-Rakovic eta Hamiltonek blokeoaren eta jarraipenaren bitartez lortutako puntu zakuaren iturria itxi. Epaileen erabakien inguruan arrastorik ez, eta hitz goxoak Raul Lopez eta Mumbrurentzat, une kritikoenean taldea bizkar gain hartu eta garaipenera bideratu zutelako. Katsikarisen taldeak 20 baloi eman zituen, eta, odoluste hori itxi ezean, gorriak ikusiko ditu, parean izango dituenak Lagun Aro baino talde indartsuagoak izango direlako.
Baikor.Atenasen askok espero baino neurri hobea eman zuen Baskoniak, eta joko on horren emaitza Kanaria Handian jaso zuen. Indartsu hasieratik, etxeko taldea zestutuz, eta kapitain agintari batekin: Chapu Nocioni. Argentinarrak badaki erreferentea dela, eta zaleak lasai egon daitezke. Asmatuko du, edo ez, baina ziurra da ez diola muzin egingo erantzukizuna hartzeari. Aste honetan bi proba zail ditu Baskoniak. Zalgiris Kaunas ostiralean, Euroligan; eta 36 ordu geroago, Joventut, ligan. Ivanovicen hausnarketa interesgarria, bukatzeko: «Badirudi taldeak espero ez dituen zailtasunak edo oztopoak gainditu behar izaten dituela hazi eta lan ona egiteko». Egia biribila.
Zonakako defentsa
Taldea vs arrakasta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu