SASKI DA!

Sekretua: ez dago sekreturik

Danel Agirre.
2019ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Ez da hain sinplea, zorionez. Joan den sasoiko ataka gainditu, eta Toko Xengeliaren jaurtiketa libreen batezbestekoak bere onera itzuli dira aurten: %52tik %78ra Euroligan eta %57tik %80ra ACB ligan. Oporretako milaka errepikapenek lagunduko zioten, baina ez dute hobekuntza bere horretan argitzen, lehen ere eman izan dituelako udak espezialistekin jo eta su, tiroa hobetu nahian. Azalpena sinplea da, eta misterio abisala aldi berean. Saskitik 4,60 metrora dagoen marran atzean bakarrik geratzen zen bakoitzean bisitan etortzen zitzaion laino beltza desagertu da, jokalariak bere errutina edo keinu mekanikoa aldatu gabe. Xengeliak berak susperraldiaren benetako sekretua jakingo balu, Youssoupha Falli transmititu ahalko lioke —%62ko portzentajea izan zuen pibotak Frantzian aurreko sasoian, %36ra jausi zaio aurten Euroligan—. Saskibaloia, zorionez, ez da hain sinplea.

Marraren bakardadea. Liga erregularra eta kanporaketak batu, eta hiru mila jaurtiketa libretik gora galdu ditu alferrik LeBron Jamesek bere ibilbidean; %68 baino ez du oraingoz denboraldi honetan. Udaberrian NBAko jokalari onenaren saria jaso zuen Giannis Antetokounmpo hamaika bider bidali ohi dute marrara gauero, eta %59arekin baino ez da asmatzen ari. Taldeko entrenamenduez gain, ordainpeko laguntzaile pribatuekin lansaio amaiezinak egiten dituzten izarrak dira. Presiorik gabeko testuinguruan, hamar minutu eman ditzakete saiakerarik huts egin gabe. Partiden azken minutuak eta luzapenak bakarrik kontuan izanda, %48 baino ez du Jamesek, ordea, eta uztairik ukitu ez zuten Antetokounmporen elkarren segidako bi airball biral bilakatu ziren duela hilabete. Munduko jokalari onenek ez dute bere jokoaren atal bat erdeinatu ohi, doakoak diruditen puntuak ez ditu inork atseginez oparitzen. Jamesek jaurtiketa libre gehiagorekin asmatzen ez badu, jaurtiketa libreena menderatzeko hain sinplea ez den mikrokosmos bitxia delako da.

Burua da (ia beti). Azken jabetzetan gertatu ohi den falten kalapita dela eta, zehaztasun berezia exijitu ohi zaie libreetan antolatzaileei. Ardurak itolarri apartekoa eragin dezake: Rajon Rondo (%60 bere ibilbidean), Ben Simmons (%58), Nick Calathes (%53, aurten %48) eta Lonzo Ball (46%) kasu adierazgarriak dira. Taldea gobernatzeko dohain ezin aproposagoak dituzte, baina aulkitik ikusi behar izaten dute sarri partiden azken txanpa. Aurkariak marrara bidaliko dituen susmoak entrenatzaileak ikaratu ohi ditu. «Beti jaurtiketa berbera da, aitzakiarik ez dago, ez dakit zer gehiago esan dezakedan!» eta horren modukogaitzespenak maiz entzuten dira aldageletan. Logikoa, bidegabea bezainbeste. Simmonsek edo Ballek jaurtiketa libreetako batezbestekoa hobetu ezean, dozenaka milioi dolar galduko dituzte erretiroa hartu bitartean. Inork ez du jokalariak baino gogo biziagorik kalbario hori ahaztu eta morroi fidagarri bihurtzeko, baina konponbidea buruan egon ohi da gehienetan, ez eskumuturrean.

Jaurtiketaren zirujauak. Aldagai psikologikoa indarrean egoteak ez du esan nahi apurtutako mekanikarik ez dagoenik. Ball bera adibide grafikoa da: askatu baino lehen, buruaren eskuinaldetik ezkerrera pasatu ohi zuen lehen baloia, errutina arras antinaturalean. Udaberritik darama mania hori zuzendu nahian; mugimendu soilagoak eraginkorrenak dira usu, baina sinplifikazioa ez da batere samurra suertatu ohi —oraingoz, Ballen aurrerabidea motela da—. Stefan Peno antolatzaile serbiarrari jaurtiketa hutsetik berreraiki dio Carlos Fradek —Carles Duranekin aritu zen Bilbon—, belauneko bi ebakuntzatik osatzeko behar izan duen urtebetea aprobetxatuta. Hain prozesu korapilatsuaren emaitza laster egiaztatu ahalko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.