Astelehena, goizeko seiak. Nahi baino lehen jo du iratzargailuak. Nahi baino lehen diodan arren, nik jarritako orduan jo du, puntual, bere lana fin betez. Gosaldu eta bagoaz lanera oporren ondoren. Sei ordu igerilekuko sei kaleak zaintzen. Sei segundoren aldea daukagu datozen iganderako, eta sei egun geratzen dira bigarren jardunaldirako.
Sei segundo asko edo gutxi diren esango duen ezer zehatzik ez dago. Nori galdetu, hor dago gakoa. Aurretik dagoenak gehiago nahiko lituzke, eta atzetik dagoenak gutxiago. Batek aldea handituko luke, eta besteak berreskuratuko direla sinetsarazi. Denek amesten dugu, bakoitzak komeni zaion erara. Baina sei dira gure alde ditugun segundoak. Sei segundo eta42 ehunen. Aukeran, nahiago alde izan aurka baino.
Bi txanda ezberdinetan aritu gara zortzi traineruak Kontxako Banderako lehen jardunaldian. Ezberdina izan da guretzat,Euskotren ligan txanda bakarra izaten baitugu. Pozgarria izan da aurkari berriak izatea. Pozgarria baita datorren igandeanohorezko txandan Euskotren ligan banderaren bat irabazi dugun traineruez gain, Hibaika ETE ligako txapelduna eta behetik gora etorri den San Juan ondoan izatea.
Ez dakit astea luze edo motz egingo zaigun; aspertzen hasiz gero, kartak hartu, eta seiko urrean jolas genezake. Igandean, bigarren jardunaldian, disfrutatu egin nahi dugu, gure aurkari eta jarraitzaileek bezalaxe. Horretarako, Donostiara joateko gonbita egiten diet jarraitzaileei, arranpla koloretsu bat ikusi ahal izateko.
Zerotik hasiko balitz bezala ekingo diogu bigarren igande horri semaforoa berde jarri bezain pronto. Ea estropada amaieran semaforoa ere hori kolorekoa bihurtzen den.
Arrauna. Kontxako Bandera. 'TXIKI'-TIK
Seiko urrea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu