mikel reina
HIRUKOTIK

Sasoiak

2024ko irailaren 24a
05:05
Entzun

Lau euskal talde ariko dira denboraldi honetan Espainiako Ohorezko Mailan. Hiruk jokatuko dute Euskal Kopa ostegunetik igandera arte, Beasainen (Gipuzkoa). Gainera, txapelketa jokatuko duten hirurek neurtu dituzte indarrak denboraldiaurrean Ardoi Nafarroako taldearen aurka. Ez dute, ordea, Beasainen elkarren aurka jokatuko.

Kontuak atera

Horrelako lehiaketetan, oraindik taldeak osatze lanetan ari direnean, are eta zailagoa da faboritoren bat aipatzea. Badakizue ez dela pronostikoak egiteko garairik onena. Faktore asko sartzen diren jokoan. Adibidez, aurreko denboraldiko taldetik jokalari askok jarraitzea oso garrantzitsua izaten da sasoi hasieran; sinergiak sortuta daude askoren artean, eta taldeak sasoikoago egoten dira.

Hori gertatu berri da gizonezkoen Espainiako Superkopan. Emakumezkoena, berriz, asteburuan jokatuko dute. Biak ala biak Murtzian izango dira (Espainia). Ezin daiteke esan ezusteko ikaragarria denik Unicajak irabazi izana. Ibon Navarroren taldeak soilik bi aldaketa egin ditu, eta horrek lan asko aurrezten du, eta egokitzapen prozesuak errotik laburtzen ditu. Horregatik, proiektua aspalditik duelako, irabazi zituen Real Madrilek azken zazpi Superkopak. Bestetik, hiru lagunarteko bakarrik jokatu ditu. Argi dute, ondo bidean, 80 partida inguru jokatuko dituztela, eta ez dela beharrezkoa hasieratik nekea pilatzea. Haien sasoia aurrerago hasiko da.

Alde horretatik, aipamen berezia egin nahi nioke, labur bada ere, Atenasen jokatutako txapelketari. Taldeak handiak ziren, baina sortutako giroa, 35.000 pertsona baino gehiago, eta batez ere, plaza dira nabarmendu beharrekoak: Kallimarmaro estadioan jokatu zen, garai modernoko lehen Olinpiar Jokoen egoitzan. Kirol arloa alde batera geratzen da, are gehiago denboraldiaurrean, horrelako ikuskizun baten aurrean.

Talde eraketak

Beasainen zailagoa izango da horrelakoak ikustea, ordutegiengatik gehiago taldeengatik baino. Faborito bat esan behar izatekotan IDK Euskotren esan beharko litzateke. Sasoi kontua da ere. Azken bi Euskal Kopak irabazi ditu Azu Muguruzaren taldeak, eta horregatik dago koska bat aurretik. Aurten, IDK-k, Lointek Gernika Bizkaiak eta Kutxabank Araskik modu ezberdinean eratu dituzte taldeak. Esan dezakegu ohikoena gipuzkoarrek egin dutela: hamar jokalari izango dituzte. Hori bai, azken urteekiko aldaketa nagusi bat dago, ez dutelako izango Gaskan hain ohikoa den barne erreferentzia: Mariam Coulibaly, Toch Sarr eta Lauren Cox. Kanpotik mehatxu handiagoa izango dute, eta Roso Buchek edota Delicia Washingtonek Maria Españaren hutsunea bete beharko dute.

Gernikak beste eraketa batengatik egin du apustua. Hamabi jokalari izango ditu, eta gaztetasuna dute denek komunean. Batez besteko adina oso baxua da, eta orain arte emaitzak alde izan dituzte denboraldiaurrean. Partida bakarra galdu dute, luzapenean, larunbatean, Donostian, IDK-ren aurka. Tartean, Euroligako aurrekanporaketak jokatzen ari diren Landes eta Zaragoza mendean hartu dituzte. Aldiz, ez dute zorterik izan lesioekin, Marta Alberdi, Ane Olaeta eta Maya Dodson min hartuta baitaude. Izen guztien gainetik Awa Fam pibotarena nabarmendu beharko litzateke. 18 urterekin aro bat ezar dezake.

Raquel Carrerak Araskin eginiko formula bera errepikatu nahi du Valentziak. Lesioek erasan arren, Europako jokalari onenetakoa da Carrera. Asko jokatu zuen Araskin aritu zenean. Aurten ere jokalariek denbora asko jokatu beharko dute. Lehen taldeko bederatzi jokalari ditu bakarrik Made Urietak. Hatzak gurutzatuta izango ditu inork minik ez hartzeko. Aldiz, emakumezkoetan hain ohikoa ez den zerbait lortu dute, atzerriko bi pasaporte nagusiak mantentzea: Sami Hill eta Brittany Brewer. Horrek asko lagun diezaioke, baita Marta Hermidak eta Laura Aliagak jarraitzeak ere.

Aste honetan benetako lehia duena Bilbo Basket da. Gaur, Lituaniako Neptunas Klaipedaren kantxan ariko da FIBA Europako Koparen aurrekanporaketako joanekoan (18:00, ETB4); itzulikoa, berriz, ostiralean jokatuko du, Miribillan (19:00, ETB4). Sasoiko daudela erakutsi dute lituaniarrek, Lietuvos Rytas txapeldunari irabazi baitzioten euren ligako lehen jardunaldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.