mikel reina
HIRUKOTIK

Sardina bakalau

2024ko maiatzaren 23a
05:10
Entzun

Lau, lau, lau, sardina bakalau... ia dena baitago janda jadanik. Lau talde geratzen dira oraindik lehiatzen Europan. Euroligako Lauko Finalaren astea da. Finalerdiak ostiralean jokatuko dira, eta Fenerbahce-Panathinaikos (18:00) eta Real Madril-Olympiakos (21:00) izango dira neurketak. Euroligako lau talderik onenak, aurrez aurre. Guztiak madrildarren aurka, haiek baitira faborito nagusiak. Bigarren urtez nahi dute irabazi garaikurra, eta horretarako taldea dute. Iazko finala errepikatuko dute finalaurrekoetan. Sergi Llull hurbiletik lotu beharko dute greziarrek, iazkoa berriro ez gertatzeko. Justu atzo bete zen urtebete saskiraketa ikusgarri hartatik.

Olympiakos, hala ere, ez da iazko talde bera. Georgios Bartzokasek beste urte batez erakutsi du azken hamarkadako entrenatzaile onenetakoa dela. Hiru Lauko Final daramatza jarraian Greziako taldearekin. Entrenatzaileen Lauko Finala da. Ergin Atamanek lehen aldiz sartu du Panathinaikos Lauko Finalean, Zlejko Obradovicen irteeraz geroztik. Izaera berezia dute biek ala biek, bakarrak dira, turkiarra batez ere. Gorroto dezakezu artista, baina zaila da haren artea ez maitatzea. Horrelakoak dira artistak. Berlinen egoteko taldea diseinatu zuten udan, ikusi zuten agian ez zela nahikoa izango, eta Kendrick Nunn fitxatu zuten. Hark egin du aldea.

Saras Jasikeviciusen iritsierak ere Fenerbahceren bidea aldatu zuen. Arrakastaren sinonimoa da lituaniarra. Azken sei Lauko Finaletatik bost jokatu ditu, hiru talderekin, gainera. Arrakasta erabatekoa izateko, ordea, garaikurra irabazi beharra dago, eta hori oraindik ez du lortu. Azken batean, horrek egiten du aldea. Esan diezaiotela, bestela, Txus Mateori: bere lehendabiziko denboraldian, zalantza askoren ostean, lortu zuen Euroliga irabaztea.

Hordagoa

Lau taldeak Euroliga irabazteko diseinatutako taldeak dira, baita kanpoan geratu diren beste batzuk ere, bai Lauko Finaletik eta bai kanporaketetatik. Talde horientzat, apirilean hasten da benetako denboraldia: aurreko guztia prestaketa hutsa da. Azken azterketak dira, denboraldiko notak ezarriko dituenak. Hordago bat azken batean, nork handiagoa bota, nork gehiago jokatu... Horregatik, karta jokoa beti da garrantzitsua. Ondo baino hobeto ezagutzen dute elkar, baina baten batek azpijokoren bat izan dezake gordeta.

ACBn oraindik, adibidez, ez da momentu hori heldu, ez talde handienentzat, behintzat. Final-laurdenetan Real Madrilek erakutsitako nagusitasuna ikusi besterik ez dago. Albisterik onena da Real Madrilek eta Bartzelonak finalerdietan ikusiko dutela elkar. Ibon Navarrok zuzentzen duen Unicaja ere hor dago. Ez da ahaztu behar 18 urteren ostean liga erregularreko txapeldun izan zela.

Istorioak eta historia

NBAn ere serio jarri dira. Konferentzietako finalak abian dira. Ekialdean Boston Celtics eta Indiana Pacers ari dira nor baino nor gehiago, eta mendebaldean Minnesota Timberwolves eta Dallas Mavericks. Final historikoak dira, aurretikĀ  ez baitira inoiz jokatu. Azken sei urteetan bost aldiz gertatu da gauza bera. Are gehiago, azken sei urteetan ez da txapeldunik errepikatu. Atzean geratu dira Three Peat-en garaiak. Talde bakar batek ere ez du lortzen segidan eraztuna irabaztea eta dinastia bat sortzea.

Finalaurreko guztietan bost partida jokatu zituzten gutxienez, eta bi zazpigarrenean erabaki ziren. Denver Nuggetsek ezingo du garaikurra berriz lortu. Nikola Jokicek hirugarren urtez jarraian jaso du jokalaririk onenaren saria, baina ezin izan du bere taldea garaipenera eraman. Bideratua dute, antza, Bostonekoek eraztuna irabaztea,16 urteren ostean. Indiana baino gehiago, mendebaldeko taldeak izan daitezke mehatxurik handiena. Defentsaren eta talentuaren aldeko kanporaketa izango da mendebaldekoa. Luka Doncic eta Kyrie Irving Anthony Edwards eta enparauen aurka. Elkar ulertu ezin zuen bikoteak, bakoitzarentzat baloi bat beharko zuen bikoteak, ezinezkoa zirudiena egia bihurtu du. Minessotak bezala, zazpigarren partidan, hirugarren laurdenean hogei puntu behera joatetik konferentzietako finalean sartzera. Horrelako istorioak dira NBAn historia egiten dutenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.