Txirrindularitza. Italiako Giroa. Errozaten gora

Sanferminak Turinen

Juanjo Oroz.
2011ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Banuen, bai, nire kontuak euskaraz plazaratzeko gogoa. Gogoan dut nire lehen Tourrean Mikel Astarloza koadernotxoarekin ikusten nuela. Nik ez nuen ezertarako astirik, eta bera hor zebilen lasai, oharrak hartzen. Behin, zertan zebilen galdetu, eta BERRIA-rako zutabea idazten ari zela esan zidan, eta eguneroko kontuak nola kontatzen zituen azaldu. Ni orduan euskaltegian nenbilen ikasten, Iruñeko Alde Zaharrean, eta inbidia izugarria ematen zidan, bizikleta gaineko egunerokoak kontatu ahal izatea, eta euskaraz gainera.

Orain nire txanda da. Bi egun daramatzagu Giroan, eta dagoeneko nabaritu dugu zergatik dioten desberdina dela. Beroagoa da, gertuagokoa, onerako eta txarrerako. Atzo etapa bukatu eta autora arte kilometro pasako tartea genuen, eta jende artean egin genuen, kaletik. Pixka bat bizikletan, beste pixka bat oinez... astiro-astiro, eta jendea hor, gure inguruan. Sanferminetan geundela zirudien, entzierroa hasi baino eta hiru minutu lehenago, Estafeta eta udaletxeko plaza tarte horretan, metro bat egitea ia ezinezkoa denean. Herenegun ere sanferminak etorri zitzaizkidan burura, aurkezpenean. Orduan txupinazoa otu zitzaidan, a zer jendetza...

Aldartea ere sanferminetako modukoa dute Turinen. Festa giroa dago hemen, eta jendea algaraka, parrandan. Italiaren batasunaren jaia ospatzen ari dira, eta a zer giroa dagoen, txosnak eta guzti ikusi ditut. Eta gu hor, tartean pasatzen. Tourrean, esaterako, horrelakorik ezin da imajinatu ere egin. Hesiekin pasarte bat egingo zuten, eta hortik igaroko ginen. Egia esan, eta agian ni horrelakoa naizelako, baina gehiago gustatzen zait Giroko eredua.

Etapari dagokionez, egurrean ibiltzea egokitu zait. Baina, tira, oraindik 3.700 kilometro falta zaizkigu Giro bero eta luze hau bukatzeko, eta hogei baino ez ditugu egin. Bukatzeko, Mikel Idoate zoriondu nahiko nuke, txapelketako partida irabazi duelako. Iruñerriko eta Nafarroako pilotarien harrobia agortezina da!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.