Sinesgaitza izan da, harrigarria, mutur-muturrekoa. Etxekoa izanda gogor samarra da horrela esatea, baina gehiegizkoa ere bai, ziurrenik; neurriz kanpokoa. Oso zaila izan da bizikleta gainean irautea ere. Euria, elurra, izugarrizko hotza... eta tropelean abiadura bizia. Skyk erakustaldia eman du, hasi eta bukatu, eta zorionak, benetan, sei txirrindulariei. Xabi Zandio bera, adibidez, harrigarri aritu da, eta zer esan Kiryienkari buruz! Tropelean aipatzen dugun moduan, 3. martxa sartu du, eta hortxe joan da aurrera. 4.a sartuta atzean utziko zituen honek taldeburuak eurak ere.
Une jakin batean blokeatuta geratu gara gorputzean geneukan ur kopuru guztiarekin. Haimar Zubeldiarekin iritsi naiz ni helmugara, hizketan, benetan ezinezkoa zelako askoz gehiago egitea. Eta eskerrak ibilbidearen erdian artista handi bat topatu dugun, bestela... Tarteka masajista lanetan ibiltzen da Bixente Iza, eta Orica Greenedge taldearekin dabil Itzuli honetan. Ormaiztegitik igaro garen azken aldian bide bazterrean ikusi dut, eta bidoi bat eskatu diot, urrutitik. Oihuka hasi zait berehala, «salda da, salda da, esanez». Zer klasea daukan! Salda bero-beroa eman dit, eta kontuz ibili behar izaten da horrelakoetan, ezin delako edan hain bero dagoela. Baina gorputza bere onera ekartzen lagundu dit, behintzat.
Artista handia da Bixente. Hor ibiliko zen, ziurrenik, tabernaren batera joan eta salda bero eske. Aspalditik ezagutzen dugu elkar, eta banekien nori eskatu bidoia! Berotasun hori gabe ez dakidalako helmugara iritsiko nintzen. Oso bizi abiatu gara, eta erritmo bizi-bizian igo ditugu lehen hiru mendateak, euritako eta guzti. Gorputzak ez du arnasarik hartzen horrelakoetan, eta blokeatuta geratu gara gehienak. Baina hasieratik erritmoa jarri eta maisu lana egin du, berriz ere, Skyk. Sei txirrindularirekin ekin zioten lasterketari, eta harrigarri aritu dira. Liderra eta hirugarren postua, bi etapa garaipen... Ikaragarria egiten ari dira.
Baina beste batzuk ere badira ikaragarriak: euskal zaleak. Azken bi egunak ez ziren bide bazterrera joan eta txirrindulariei begira egotekoak. Baina euskal zaleei berdin zaie euria edo elurra ari duen, hotz egiten duen... Zorionak, benetan, guztioi, ikaragarriak zaretelako. Eta, tira, behar baino lehenago, baina hauxe da nire agurra, erlojupekoan ez naizelako irtengo. Helmugan taldeko bakarra ez izatea zen baldintza, eta, beldurtu naiz ingurura begira, baina, ordu laurdenera bada ere, Ten Dam, gutxienez, iritsi da. Eskerrak!
Euskal Herriko Itzulia. Guadalupetik
«Salda da, salda da, Juanma!»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu