Ane Sanchez Goyogana

Rolak eta maniak

2024ko uztailaren 23a
05:05
Entzun

Arraun taldeetako kideek denbora ugari pasatzen dute elkarrekin, familia eta lagunekin baino gehiago, gehienetan. Kide bakoitzak bere izaera, maniak eta ohiturak ditu, eta horiek ez dute elkarbizitza beti erraza egiten taldekide guztien artean. Batzuetan eztabaida txikiren bat ere sortzen da. Talde moduan lan egitea eta bakoitzaren gauza positiboak batzea da elkarrekin helburu beraren bila joateko gakoa, baina eztabaida txikiak ere egunerokotasunaren parte dira.

Traineru barnean hamalau pertsona, bakoitza bere maniekin. Batzuek nahiago dute isiltasuna, trastez betetako poltsak sartzen dituzte trainerura, prestatzen azkarrak direnak ere badaude, eta baita argazkiak hamar bider ateratzen dituztenak ere. Aldiz, beste batzuk ezin isilik egon, beti gauzen faltan eta eske dabiltzanak, prestatzeko denbora ugari behar dutenak, eta argazki bakarra ere egiten ez dutenak ere badaude. Horiek egunerokotasunaren parte egitea eta denen artean errespetatzea ere talde lana da.

Aldi berean, denen izaerek eta rolek talde bat aurrera eramaten dute. Izaera handia dutenek indarra atera eta taldea estutuko dute, urduritzen direnak badaude eta baita haiek lasaituko dituztenak ere bai, burua hotz mantentzen dutenak, traineruaren martxa sentitzen dutenak, eta abar. Bakoitzak bere rola du, eta den-denek dute zer emana taldeari. Hori ulertzean egiten da talde bat txapeldun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.