Txirrindularitza. Italiako Giroa. Errozaten gora

Pozez zoratzen

Juanjo Oroz.
2011ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Imajinatu dezakezue nola gauden: pozez zoratzen. Italiako Giro honetan etapa bat noiz irabazi nahiko genukeen aukeratzeko eman baligute, ziurrenik hau aukeratuko genuke. Egunak daramatzagu esaten Mikelek [Mikel Nieve] eta biok Igor gero eta hobeto ari zela, eta gaur [atzo] ikusi da. Ikusgarria izan da Igorrek Zoncolanen gora egin duen lana, nola iritsi den helmugara. Jendeak agian esango du Contadorrek ez duela barruan duen guztia eman, baina nik baietz uste dut. Contador indartsu dago, baina ez pentsa Igor atzean geratzen denik. Igor indartsu, eta gu pozik. Merezi genuen horrelako zerbait, atzo [herenegun] oso lan ona egin genuelako, eta ez genuelako saririk jaso. Horrelakoa da kirola, eta txirrindularitza: batzuetan ez da jasotzen ereindakoa. Gaur [atzo], zorionez, uzta ederra jaso dugu. Gainera, Mikelek ere oso lan ona egin du.

Eta ni? Gogotik sufritzen ari naiz. Mina dut eskuan, eta aldapan behera mina areagotu egiten da. Gurutze bide bat ari naiz pasatzen, eta ez naiz oso baikor; ez dakit lasterketa bukatu ahal izango dudan. Saiatuko naiz, noski, baina... Gainera, horrelako etapekin... 4.000ko desnibelari egin diogu aurre gaur [atzo], eta Crostis igo ez dugun arren, etapa izugarri gogorra izan da. Crostis igo izan bagenu, agian tropel erdiak oinez igoko zuen gero Zoncolan. Basakeria izan da, eta bihar [gaur] berriro beste horrenbeste, gogorragoa oraindik. Ez dut inoiz korritu 6.000 metrotik gorako desnibela duen etapa bat. Ea nola egiten diodan aurre. Hori bai, taldeko kide guztiek lasaitu ederra hartuta aterako gara. Etapa bat irabaztea zen Giro honetan genuen helburua, eta lortu dugu. Orain, beste batzuk dira garaipen premian. Haiek mugitu behar dira, haiek hartu behar dute ekimena tropelean, haiek zaindu behar dituzte ihesaldiak. Guk egin dugu gurea jada. Horrek ez du esan nahi beste etapa bat irabazteari uko egiten diogunik e! Igor oso ondo dago, eta bihar [gaur] ere aurrean izango da, ziur. Handia litzateke berriro irabaztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.