Interpretazio anitz. Kazetaritzak edonor ezustean harrapatzeko indarra du. Interpretazio anitz egiten dira, asko egiatik gutxi dutenak, baina mezuak eta mezuaren helburuak errealitate oro itxuraldatzen du. Euskal derbia jokatu zen larunbatean Gasteizen. Berdinketa aspaldi desagertu zen saskibaloian, eta biek irabaztea ezinezkoa zen. Euskal saskibaloiaren ikuspuntutik, txarra izan zen emaitza, behar handiena zuenak galdu zuelako. Baina irabazi zuen taldea ere ez zen oso kontent joan etxera. Talde horretako zaleak ere ez, txistu soinua ozen entzun baitzen Buesa Arenan. Donostian, denetik. Baskonia nagusi delako, atsekabea. Tarteka ondo jokatu zelako, hainbestean. Gasteiztik urrun, Manresan, Kiev eta Charleroi hiriak Uxueko jokalarien buruan sartuta zeuden, eta horrelakoetan zaila da neurria ematea.
Iritzi banaketa. Baskoniaren zalea denak badaki taldea txaloekin agurtzea ez dela erraza. Garaipen soilak ez du balio. Izaera, kasta, grina, gauzak ondo egiteko gogoa erakutsi behar da, konpromisoa. Zabarkeria keinurik eta axolagabekeriarik ez da onartzen Gasteizen, eta Badalonan eta Bartzelonan jasotako kolpeen ostean, haserrea azaltzeko prest zeuden zaleak. Cookek eta Lampek entzun zituzten lehen marmarrak. Joko antolatzaileak lemazain lanean eskasa delako berretsi zuelako berriro. Lampek defentsan lan egiteko, sufritzeko borondate eskasa duelako. Bigarren laurdenean Heurtelek jaso zuen berea, beragan hain ohikoa den moduan burua galdu, eta baloi pare bat eman ondoren. Lehenago 11 puntu sartu izanak ez zion ezertarako balio izan, eta frantziarrak jasotako txistuak agerian uzten dute beraganako kritikak ez direla derbikoak, lehenagokoak baizik. Prentsa aretoan, Zan Tabak entrenatzaileari galdera bera hamaikagarrenez: «Zergatik ditu taldeak hainbeste gorabehera?» Erantzuna: «Jakingo banu, erantzungo nuke». Tabakek berak ez badaki, panorama ederra...
Itxaropena. Lagun Aroren Donostiarainoko itzulera ez zen gozoa izango. 11 punturen aldea ere izan zuen lehen laurdenean, baina 19 behera ere egon zen hirugarren laurdenean. Baskoniarenak gorabeherak badira, zer dira Lagun Arorenak... Asko nabaritu zen Woodsen hutsunea. Haren puntuekin, erreboteekin bestelakoa izango zen kontakizuna, baina ez zegoen. Lagun Aro joan egin zen kantxatik une batzuetan, eta orduan zigor handia jaso zuen: «Lehen laurdenean bikain aritu gara», esan zuen Sito Alonsok. Ados. «Zenbait jokalarik aurrerapauso ona eman dute». Ados horretan ere. Itxaropena saltzeko modu bat da, normala, baina gaizki egindakoak ere esan behar dira. Jendaurrean, edo pribatuan, jokalariei. Haiei esango dizkie, noski. Jaitsiera postuetan dira donostiarrak berriz, asteburuan bertatik irten daitezke berriro, Kanaria Handia hartuko dutelako etxean, eta Bilbon Fuenlabradak jokatuko du. Cajasol begi bistatik ez galtzea ere komeni. Garaipen bakarrera egon daiteke igandean.
Barkatzeko moduko akatsa. Denentzat, Katsikarisentzat izan ezik. Manresak Uxue Bilbo Basket menderatu zuelako haserre mintzatu zen entrenatzaile greziarra. Emaitzagatik baino gehiago, jokalarien jarreragatik, partida bukatzeko ordu laurden falta zela amore eman zutelako. Manresarentzat hil edo bizikoa zen norgehiagoka, eta Uxuek Budivelnik Kiev eta Charleroiko finalean dauka burua. Normala da, entrenatzailea hori saihesten saiatu bada ere. Uxuek ligako laugarren postua galdu duelako, eta Manresako porrotaz gogoratuko direlako asko Eurokopa irabazten ez bada. Raul Lopezek partida berdintzeko aukera izan zuen azken segundoan, baina Uxue 19 punturen aldearekin galtzen ari zen hirugarren laurdenean. Porrota merezitakoa da.
Zonakako defentsa
Pozean triste, tristuran pozik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu