Bada esaten duenik futbola poesia dela, baina, hain urrutira joan gabe, zinez baloiak justizia poetikoa egiten du batzuetan. Lagun sahararrek, behintzat, hori diote. Kolonoek ordura arte egin izan zuten bezala, asteazken gauean sahararrak Aaiungo kaleetara atera ahal izan ziren, pozarren, ikurra eskuetan hartuta, garai batean kolonizatua izan zen baina aspaldiegitik kolonizatzailea den herrialdearen porrota ospatzera.
Poesiatik baino gehiago, futbolak asko du identitatetik eta politikatik. Eta Marokok aski ondo baliatu du hori Qatarren. Afrikako lehen herrialdea izan da finalerdietara iristen, lehen herrialde arabiarra, baina erruz zabaldu den diskurtso panafrikanista hori ez da inozoa izan. Kaleetan sortutako euforiaren bidez, giza eskubideak eta nazioarteko legedia urratzen dituen diktadurak zilegitasuna bilatu nahi izan du.
Batzuk baloiari begira zeuden bitartean, erregimenaren kontrako protestak izan dira hainbat hiritan. Herria pobreziara kondenatua daukan erregearen aurka altxatu dira disidenteen kontrako jazarpena areagotzen ari den garai hauetan.
Qatargate auziak agerian utzi ditu bi herrialdeen artean egin daitezkeen paralelismo amaigabeak ere, biak arabiarrak direla esatetik haratago. Biek baliatzen duten formula da politikariei dirua eta opariak eskaintzea erabakiak baldintzatzeko. Mohamed VI.aren taktika ezaguna zen. Lobby marokoarrak espioi sare zabala du Europan.
Atlaseko lehoiak Palestinako bandera ere atera zuten zelaira, baina, ekintza sinboliko horretan arreta jartzen genuen bitartean, Israelgo NewMed Energy enpresa akordio bat sinatzen ari zen Marokorekin Mendebaldeko Saharako uretan gas naturala ekoizteko.
Inon ez da entzun lehoiek zer kantatzen zuten aldagelan garaipen bakoitzaren ostean. «Sahara nirea da, bere ibaiak nireak dira eta bere lurra nirea da». Eta hori ez da poesia.
Qatarko Munduko Kopa. WAQIF ZOKOTIK
Poesia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu