Ez dago sentsazio hoberik planak ondo ateratzen direnekoak baino. Hori bai, betiere zaila da plana ondo ateratzea, batez ere lehendabizikoa izatea, A deitzen diotena. Askotan, A planaren ordez, B-D-E-F plana aktibatu behar izaten da. Malagan, I plana jarri behar izan zuten martxan. Hain zuzen ere, Ibon Nabarrok plan bat daukalako, baina hau bere izenera egokitutakoa da. Horrela abesten diote Unicajako zaleek: «Ibonek plan bat dauka».
Oda bat
Igandekoa, atzokoa eta gaurkoa Nabarrori omenaldia eta gorazarrea egiteko egunak dira. Unicajak azken hiru urteetan bigarrenez irabazi du Espainiako Kopa, Kanaria Handian. Baina ez dugu ahaztu behar, oihartzun bera ez badu ere, sasoi honetan Espainiako Superkopa ere irabazi duela, baita Kontinenteen Arteko Kopa eta Txapeldunen Liga ere. Hau da, bost garaikur lortu ditu entrenatzaile gasteiztarrak azken hiru urteetan.
Baina ez dut uste Nabarroren meriturik handiena hori denik. Ez dut uste hori zenik bere plana. Balioa Unicaja bezalako talde bat ostera ere gorengo mailara igotzea da. Kluba noraezean zebilen, etengabe jokalariak eta entrenatzaileak aldatzen, diru arazoekin... batez ere, aspaldiko garaietatik bizi nahi zuen talde bat. Baina Jorge Garbajosa, Carlos Cabezas eta Berni Rodriguez aspalditik daude bestelako ordezkaritza lanetan. Iraganeko lorpenetatik bizi zen talde bat zen. Baten bati baino gehiagori agian ezaguna egin ahal zaio egoera.
Nabarroren lorpenik handiena horri buelta ematea izan da. Pentsatzerakoan sinplea da, plan bat izatea, Ibon Nabarroren plana. Hau da, proiektu bat. Egiari zor, proiektu bat izateko aldagai asko sartzen dira jokoan. Baina funtsezkoa da emaitzak alde izatea, eta alde horretatik, lagun izan ditu arabarrak. Baina ez da hor geratzen bere lana. Emaitzetatik haratago, lorpen horiek lortzeko bideak, eta batez ere moduak, asko balio du.
Zer bainoago, zelan
Unicaja lehen begi bistan identifikatu daitekeen taldea da. Gaur egun, adibidez, entrenatzaile guztiek nahi dute gogor defendatu eta korrika egin. Denek diote gauza bera, baina gutxi batzuek lortzen dute. Hori ere plana da. Talde oldarkorra da Unicaja, baina aldi berean, oldarkortasun horren barruan aukera asko eskaintzen ditu. Hau da, planaren barruan plan asko ditu. Gogortasuna, erritmoa eta intentsitatea bereak dituzte, eta gero, aurkariaren arabera, moldatu egiten dituzte xehetasunak.
Horretarako, jokalari multzo zabala behar izaten da, eta hor sartzen da Nabarroren beste dohain nagusietako bat: txandakatzeak egiteko abilezia. Inork ez ditu 22 minutu baino gehiago jokatzen. Inork ez ditu hamar minutu baino gutxiago jokatzen. Entrenatzaile batentzat benetan zaila da hamabi jokalariko errotazio bat lantzea, gutxi dira maneiatzeko gai direnak. Are gehiago partidak erabakigarriak direnean. Igandeko finalean ere denek parte hartu zuten.
Kudeatzailetik gehiago
Nabarrok berak aitortu zuen finalaren osteko lehen elkarrizketan: «Taktika-Teknika entrenatzaile bat baino, taldeko edo multzoko kudeatzaile bat naiz». Horrela ulertu daiteke Kopa irabazi osteko lehen adierazpenetan, zelan ez, bere umea burura etorri izana. Baina berehala beste hiru jokalariren izenak esan zituen: Dario Brizuela, Augusto Lima eta Will Thomas. «Taldean dagoeneko egon ez arren, taldeak lortu duenaren parte dira. Batez ere, taldean, aldageletan, pertsonen taldea lortzeko asko lagundu zuten».
Baina Nabarroren plana ez da Kanaria Handian amaitzen. Plana luzerako doala dirudi. Gasteiztarrak 2027ra luzatu du kontratua. Iaz bi fitxaketa bakarrik egin zituzten; beste hamabi jokalariak mantendu zituzten. Hiru jokalarik, Ejim eta Djedovic beteranoek eta Tilliek amaitzen dute kontratua udan. Carterrek, Osetkowskik eta Kravishek hurrengo urtera arte luzatu dezakete kontratua, eta Balcerowskik eta Simak, 2027ra arte. Perry, Barreiro, Perez, Taylor eta Kalinoski bezalako jokalari garrantzitsuek, berriz, 2027ra arteko kontratua dute. Ez dugu ahaztu behar Mario Sant-Supery gaztea ere Unicajak lagata dagoela Manresan. Hori guztia ere kudeatu beharra dago.