Munduko ilusio guztiarekin etorri nintzen nire zortzigarren Tourrera, eta pikutara joan da. Lehen asteko helburua erorikoak saihestea zen, gaurko —atzoko— etapan jarrita neukan mugarria, orain mendia hasiko delako, baina zoritxarrez lurrera joan naiz. Sekulako erorikoa egon da, 70 kilometro orduko abiaduran gindoazen, eta tartean nik jo dut lurra. Kalteak izugarriak izan dira: nire inguruan oihuka ziklista asko entzun ditut, eta nik neuk ukalondoan hartu dut min. Besoa atzera begira neukan, medikuak ongi jarri dit eta lasaitua hartu dut, mina gutxitu delako.
Errepidetik anbulantziara eraman naute, ortik erietxera eta han artatu naute. Ikusi dute hezurra ez dagoela hautsita, baina besoa puztuta zegoen, eta beharrezko probak hurrengo egunetan egingo dizkidate. Orduan erabakiko dugu ebakuntza egingo didaten edo ez.
Inoiz ez da polita lasterketa bat horrela uztea, eta niri obsesio baikorra sortarazten didan Tourretik hala alde egitea penagarria da. Amorru handia daukat barruan. Konbentzituta nengoen aurtengoa nire Tourra zela, hainbeste eman diodan txirrindularitzak zerbait bueltatuko zidala uste bainuen, baina ez. Nik eskainitako esfortzuaren ordaina besoa haustea izan da. Aurrera begiratzea tokatzen da orain.
Buruan argi daukat nire helburua urte bete atzeratuko dela, dagoeneko buruan baitaukat 2013ko Tourra. Tristea da, baina halaxe da. Beste lasterketa batean gertatu izan balitzait gaitzerdi, baina Tourrean... Pikutara joan da nire ilusio guztia!
Bat nahikoa ez, eta bi izan gara gainera erretiratu garenak. Amets Txurrukak ere ez du zorte handirik izan. Horrez gain, medikuak esan dit erietxean nire beste taldekide bat bazebilela, ohiu egin dut eta Gorka Verdugok erantzun dit. Niregana etorri da eta hark ere ebaki latza egin du hankak. Ez dakigu nafarrak jarraituko duen edo ez, baina Euskalteleko bi etxera goaz behintzat.
Zalantzarik gabe, taldea hankamotz geratu da, galera handiak izan baititu. Taldearen herena galtzea larria da, eta guk animoak emango dizkiegu.
Txirrindularitza. Frantziako Tourra. Nire txokotik
Pikutara nire ilusio guztia!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu