Mikel Astarloza.
Euskal Herriko Itzulia. Bigarren etapa: Gueñes-Gasteiz. Nire txokotik

Patxirekin dena da hobea

2012ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Bitxikeria txiki batekin natorkizue gaur. Orain urte batzuk, beste talderen bat hasi zen bere egituran sukaldariak sartzen, eta guk ere badaukagu gurea: Patxi. Gasteiztarra. Ez da etortzen lasterketa guztietara, baina garrantzitsuenetara bai. Euskal Herriko Itzulian, noski, gurekin batera dabil. Txirrindularion afariak ez dauka sekretu askorik, makarroiak, entsalada eta oilaskoa, askoz gehiago ez dugulako izaten. Baina eskertzen da haren lana.

Egia da Euskal Herrian oso ondo jaten dela edozein tokitara joanda ere, baina beste herrialde batzuetan ez dugu hain ondo jaten. Geure gusturako, noski. Horregatik da garrantzitsua talde bakoitzak bere sukaldaria edukitzea. Xehetasun guztiak zaindu beharra dauzkagu etxeko lasterketan, eta Patxiren lana izaten da gosari, askari eta afari goxoak prestatzea. Ederki asmatzen du! Patxirekin bat gehiago gara, beraz, taldean. Mekanikariak, masajistak eta zuzendariak gauza taktiko eta teknikoez arduratzen dira, eta Patxi sukaldeaz.

Etapari dagokionez, uste baino gogorragoa izan dela aitortu beharra daukat. Euria, hotza, abiadura... Gasteizen amaitzen den etapa trantsiziokoa dela esateko ohitura hartu dute gehienek, baina horrelako etapen gisakoak dira gogorrenak txirrindulariontzat. Gogorra izan da, benetan. Hala ere, ez dut askorik kexatu nahi, ibilbide guztian harrituta geratu naizelako bide bazterrean zeuden pankartekin. Langabezian geratu diren langileenak, euren enpresak ixtera doazenenak, kaleratzeen aurkakoak... Hogei bat pankarta ikusi ditut, eta harrituta geratu naiz. Gure gizarteak bizi duen egoeraren isla izan da etapa. Langile askok egin dute euren aldarrikapena ibilbide guztian. Bide batez, besarkada handi bat bidali nahiko nioke Xuban Nafarreteri.

Eta, tira, Arrateko etapari begira jarrita, guretzat Euskal Herriko Itzulia hasi, etapa horrekin hasiko dela esan daiteke. Lehen bi etapetan denborarik ez galtzea izan da helburua, eta hemendik aurrera denbora irabazteko helburuarekin abiatuko gara. Etapa menditsuagoak dira, eta etapa garaipenen eta sailkapen nagusiaren borrokan sartuko gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.