Asko izan dira azken urteotan pilotaren munduan bizi izan ditudan momentu hunkigarriak: Xalak, jarri zizkioten traba guztien gainetik, irabazi zuen 2011ko buruz buruko final hura, Pablo Berasaluzek 2013ko Binakako Txapelketako finalean orpazurda hautsi zuenekoa… Baina igandean Bilbon gertatu zenak aurreko guztiak gainditu zituela esango nuke; ez zoritxarreko lesioagatik bakarrik, zorigaitz horrek bertan zegoen ororengan, baita aurkariengan ere, sortu zuen emozioagatik baizik.
Partida gogoangarria jokatzen ari ziren lau pilotariak, frontoian zein pantailari begira geunden zale guztion gozamenerako; baina haragi-eten batek eten zuen guztia. Halakoak izaten baitira lesioak, gutxien nahi eta espero ditugunean agertzen direnak. Egia da, hasiera batean, nola edo hala partida bukatuko zuela pentsatu nuela. Baina aldageletatik bueltan hanka lurrean ezin jarriz ikusi nuenean, oker nenbilela konturatu nintzen; ez zegoela haustura txikirik, lesio gogor bat baino.
Orduan, aldagelako atean: Tolosak, zorigaitza gainean zuela, Altuna lagunari finalean sartzen nolabait lagundu nahi. Eta Jokinek, gizatasun ezin zabalago batez, laguntza horri uko egin: «Finala zurekin baino ez, eta ezin bada, hor konpon!». Eta biek negar. Momentu hura gogoratze hutsak hunkitzen nau.
Biharamunean irratian egin zioten elkarrizketan honako adierazpen hauek egin zituen Tolosak berak: «Nire tankerako pilotari batentzako izugarria da final bat bizitzeko aukera edukitzea. (...) Momentuan izugarrizko negar piloa egin nuen (...) Bizitzak aurrera segitzen du, bihar ere eguzkia aterako da, eta hemen aurrera jarraitzea besterik ez dago». Tankerako pilotaria, negarra eta aurrera jarraitzea; umiltasuna, mina eta erresilientzia diskurtso berean. Halako momentu gogor baten aurrean apaltasunez, zintzo eta animoz nola jokatu erakutsi du; etorkizuneko pilotari gazteek entzun eta jarraitu beharko luketen bidea azaldu. Bejondeizula, Xabier.
Erretiratu eta gutxira honako hau esan zidan berripaper honetako kazetari batek: «Ibai, zu greba garaiagatik eta orduko kidetasunagatik izango zara oroitua, ez jo zenituen pilotakadengatik». Eta hala da. Beste batzuk, aldiz, irabazitako txapel sorta luzeagatik gogoratzen dituzte. Baina Xabier Tolosa Abendibar lagun eta pertsona zoragarri gisa izango dugu denok gogoan, bai kantxan ezagutu dugunok, bai kanpotik ikusi dutenek; bere lesio batek finalean sartu zituenak ere negar malkotan jarri zituen hura lez.
Eta ez dago halako kidetasun keinurik, ezta txapelik ere.
IRITZIA
Pantailak ere negar egin zuenekoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu