Eneritz Iturriagaetxebarria.
Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia. ERRELEBOKA

Oso-oso bizkor doaz

2023ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Asko hitz egiten ari da aurtengo Itzuliaren etapa amairen ibilbideen arriskuaren inguruan. Arriskua hor dago, eta ziurrenik halakoak ezin dira urtero-urtero errepikatu. Eguraldi ona alde izaten ari dira txirrindulariak. Baina ikuskizunari begira, oso itzuli polita izaten ari da. Txirrindulariak oso-oso bizkor joaten ari dira, eta ederra da haien jarduna ikustea. Are gehiago, aipatutako eguraldi onarekin, eta errepide bazterretan milaka zale daudela.

Lasterketari dagokionez, Vingegaard ematen ari den erakustalditik harago, Mikel Landa nabarmenduko nuke. Urte garrantzitsua da hau Mikelentzat, Tourra Euskal Herritik aterako baita. Oso ondo ikusten zaio. Itzulian egiten ari den lan onak konfiantza eta indarra eman behar dizkio Tourrari begira. Vingegaardekin buruz buru aritzeko gai dela erakusten ari da.

Vingegaard egiten ari denari izena jartzea zail egiten zait. Atzokoan ere berak egin zuen galbahea, eta oso talde indartsua du inguruan. Pogacarrekin, Van Aertekin eta Vander Poelekin bataera, belaunaldi berri baten isla da. Txirrindularitza ulertzeko beste modu bat dute. Bete-betean lehiatzen dira otsailetik urrira. Aseezinak dira. Askok galdetzen didate nola lortzen duten hori, eta nik beti esaten dut egungo txirrindulari gazteak ez direla txirrindulariak, baizik eta atletak. Korritzeko eran ez ezik, haien gorputzean ere ikusten da hori. Garai bateko txirrindulariak fin-fin egoten ziren. Egungoak ere hala daude, baina askoz gihartsuago eta indartsuago, egiten duten prestakuntza fisikoa tarteko.

Bi egun falta dira Itzulia amaitzeko. Ibilbide gorabeheratsu asko dago oraindik, eta hor ziur nago Landa estutzen ahaleginduko dela. Jumbo-Visma eta Ineos ere lehia betean daude. Goza dezagun geratzen denaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.