Txapeldunen Ligan ezer ez da dirudiena. Kanporaketako itzulikoa gau lasaia izango zela pentsatu zutenek ere sufritu zuten. Txapeldunen Ligako gauak ez dira inoiz lasaiak, baina oraingoan ez zen miraririk izan. Ezta Bernabeun ere, iraultzarik epikoenak gertatzen diren zelaian. Nahiz eta une batzuetan, Courtoisek penaltia gelditu zuenean kasurao, berriro errepika zitekeela zirudien.
Ezusteko handia
Real Madril Txapeldunen Ligatik kanpo geratzea beti da ezustekoa. Oraingo honetan, jokoari baino gehiago izenari begiratuta. Arsenalek Real Madrilek ez dituen bertute guztiak ditu talde gisa. Diziplinatua da, solidarioa defentsako ahaleginean, eta partidaren erritmoa baloiaren bidez kontrolatzen du. Horrek guztiak Emirates Stadiumeko 3-0koa ekarri zuen.
Real Madrilek ez zuen Mikel Artetaren taldeari baloia kentzeko borondaterik izan. Ezta gaitasunik ere. Bere ohiko 1-4-4-2an kokatu zen, eta Arsenalen egitura baloidunak etengabe saihestu zuen madrildarren bloke ertaina. Haren marrazkia 1-3-2-2-3koa izan zen. Baloiaren irteeran, hiruko lerroak nagusitasuna izateko aurrelari bikoitz zuriaren gainean. Aurretik, euskarri bikoitza, Partey beteranoak eta Lewis-Skelly gazteak osatua. Hemezortzi urteko hegala pieza taktiko ezinbestekoa izan zen. Euskarri moduan kokatu zen, Parteyrekin batera, Vinicius eta Mbappe finkatzeko. Halaxe, Ingalaterrako taldeak baloiaren irteeran bost biren aurkako aldea sortu zuen. Hurrengo lerroan Odegaard eta Rice azaltzen ziren; eta Merino, aurrelari faltsu gisa. Hiru zirenez, gustura jasotzen zuten baloia Camavingaren eta Modricen aurrean, berehala Saka eta Martinelli irekita aurkitzeko. Horiek, hegalak ez diren Alaba eta Valverderen aurka, behin eta berriz irabazi zuten buruz burukoa.
Hala ere, baloiarekin dituen bertute guztiak gorabehera, baloi galerari emandako erantzunak definitzen du Artetaren taldea. Denek atzera egiten dute, baloidun bloke altu batetik baloi gabeko bloke baxu batera igarota. Beren areatik gertu pilatzen dira, eta aurkariak atzerantz ematen duen pase bakoitzean hasten dira ateratzen eta aurkaria bultzatzen. Trikiti baten antzera mugitzen dira atzetik aurrera, eta alderantziz.
Baloi jabetza helburu gisa
Artetak eta Luis Enriquek indarrak neurtuko dituzte finalerdietan. Arsenal aurkari gaiztoa da PSGrentzat. Emeryk bi partida oso desberdin proposatu zituen Printzeen Parkean eta Villa Parken. Parisen, Liverpooli gertatutakoa errepikatuko ote zen beldurrez, bloke baxuan ipini zen, Dembelek korrika egiteko metrorik ez izateko. Hain hondoratuta zegoen, bere hegalak babesteko 1-6-2-2 osatuta, ia ez zen gai izan bere areatik ateratzeko.
Birminghamen, joaneko 3-1ekoarekin, bere proposamena guztiz kontrakoa izan zen. Presio oldarkorra egin zion PSGri. Euskarri bikoitzaren lana funtsezkoa izan zen PSGren bi garun nagusiak diren Vitinharen eta Fabianen aurrean. Deserosotasunak Luis Enriqueren taldeak baloia galtzea ekarri zuen, eta hor azaleratu ziren haren gabeziak. Lerroen arteko distantzia handitu egin zen, tartean espazioak sortuz. Ricerentzat eta Odegaardentzat zaila da imajinatzea testuingururik aproposagoa. Areako defentsan ere ez da batere fidagarria Frantziako taldea. PSGk baloia behar du, eta Arsenalek ez dio emango.
Oldarkortasunaren saria
Bartzelonak, Arsenalek bezala, baloia galtzen duenean ematen duen erantzuna du alderdirik nabarmenena. Arsenalek atzerapauso sakona ematen du; Bartzelonak, ordea, aurrerapausoa. Cubarsi eta Iñigo Martinez erdiko atzelari aproposak dira defentsa lerroa aurreratua mantentzeko. Oso erasokorrak dira aurrelaria bizkarrez dagoenean. Joaneko 4-0ekoan, Guirassy itota, Dortmund ito zuten. Itzuleran, Cubarsiren laguntzailea aldatu, eta panorama aldatu zen.
Interren aurka Bartzelonaren gaitasun horrek balio handia izango du. Lautarori eta Thurami ezin zaie metrorik eman. Bayernen kontra Inzaghiren taldea aditua izan zen aurkariaren presioa erakartzen, irteeran jokalari asko pilatuta, bere punta bikoitzari espazioa sortzeko. Eta horiek ederki egin zuten bat hegalekoekin. Baldek eta Koundek bizkarrean uzten dituzten metroak kontuan izanda, erdiko atzelarien lanak erabakiko du Interren arrakasta. Geldikako jokaldietan ere adi ibili beharko dute. Baloirik gabe, bestalde, Italiako taldearen bloke estua egokia da Rapinha eta Lamine elkar komunikatzeko. Estilo ezberdinen arteko talka ederra dator.