mikel reina

Orain ateak dira

2024ko abenduaren 4a
05:10
Entzun

Joan den astean leihoak izan ziren; oraingoan, berriz, ateak. Hain zuzen ere, badirudi parez pare zabalik daudela Buesa Arenako ateak. Zentzu guztietan.

Batuketak eta kenketak

«Batzuetan taldea hobetzeko jokalariak kendu behar dira». Hori esan zuen Pablo Lasok Valencia Basketen aurka galdu ostean. Egia da askotan esaten dela batzuk heltzeko beste batzuk joan behar direla. Agian, horri buruz ari zen entrenatzailea. Baina Baskoniaren egoera zeharo desberdina da. Kendu? Argi geratu denean dauden jokalariekin bi txapelketetan %100ean lehiatzeko gaitasunik ez dagoela. Sander Raieste, Pavel Savkov eta Ousmane Ndiaye ez daude bi txapelketetan laguntzeko moduan. Gainera, lehen, Tadas Sedekerskis izan zen, eta, orain, Timothe Luwawu-Cabarrot dago min hartuta.

Zalantza gutxi dago beste edozein entrenatzaile Zurbanotik kanpo egongo litzatekeela. Beti izan dira entrenatzaileak taldeko piezarik hauskorrenak horrelako egoeretan. Normalean, jokalariak baino merkeagoak izaten dira aldatzeko. Baina, era berean, Josean Kerejetaren udako fitxaketarik handiena Pablo Laso bera izan da. Hiru urterako kontratua dauka. Hiru garaipen eta sei porrotekin inoizko hasierarik txarrena izan dute arabarrek ACB ligan. 1982an bakarrik izan zuten balantze okerragoa, eta, orduan, taldea bigarren mailara jaitsi zen.

Kopa behintzat urrun daukate gasteiztarrek. Egutegiak ere ez du barkatzen horrelakoetan, jardunaldi bikoitza Euroligan, gaur bertan (20:30ean) Fenerbahceren aurka, eta, etzi, Bayern Munichen kontra. Ez da erraza Europak eskatzen duen exijentzia mailara eta ligako lehiakortasunera ohitzea. Baskoniaren kasua ez da bakarra, agian bai ageriena. Baina asteburuan Bartzelonak, Real Madrilek, Milanek, Asvelek eta Bayernek galdu dute. Hori bai, inork ez ditu 116 puntu jaso etxean.

Defentsan Euroligako gogortasuna berdintzea kostatzen zaio Baskoniari, eta erasoan argudioen falta dauka. Batez ere, Markus Howard bolada txarrean badago. Eskolta ez dabil gustura, eta taldekideek ez dute egoera egokietan bilatzen. 22 hiruko huts egin zituen jarraian, nahiz eta igandean lau saskiratu zituen. Baina taldean duen eragina ez da bera; batez ere, erasoan ematen ez duen horri defentsan kentzen dizuna gehitu behar zaiolako. Ez da ekuazio erraza Lasorentzat.

Ekuazioak

Ekuazio aldaketa izango du Bilbo Basketek bihartik aurrera, 20:30ean. FIBA Europa Txapelketako bigarren fasea hasiko baitute bizkaitarrek Sassarin. Atzean geratuko dira minutuak banatzeko partidak, aurkariak beste maila batekoak izango baitira: Sassari bera, Cholet eta Le Portel. Behintzat bidaiak hurbilekoak izango dira.

Sasoiko boladarik baxuenean helduko zaie bilbotarrei bigarren fase hori. Batez ere, iaz bi lehiaketak kudeatzeko izan zituzten arazoak ikusita. Lehen jardunaldietan merezi baino garaipen gutxiago eskuratu bazituzten, azken bi partidetan ez dute garaipenik merezi izan. Gorabeherak izatea ohikoa da, denboraldia luzea baita; askorako ematen du, onerako eta txarrerako.

Ohorezko ligan ere jardunaldi bikoitza dute. Bihar jokatuko du Gernikak, Gironaren aurka, Malosten (19:00etan), IDK-k Ferrolen kontra, Gascan (19:30ean), Araskik Kanaria uharteetan (20:00etan) eta Ardoik Badalonan (20:00etan). Sailkapenean aurretik dituzten aurkariak izango dituzte denek. Hamargarren jardunaldia da dagoeneko, eta lehen itzuliko bakoitzaren helburuak argituz doaz pixkanaka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.