Ion Izagirre.
Euskal Herriko Itzulia. ERRELEBOKA

Orain, anaiarentzat

2018ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Ez dut ukatuko, egun gogorra izan da, eta gauzak ez dira irten espero genuen bezala. Tentsio handiko eguna izan da, eta azken mendatean indarrek ez didate lagundu. Rocglic eta Alaphilippe beste puntu batekin daudela ikusi da, eta ezin izan naiz sartu aurreko taldetxo horretan. Ia minutu bat galduta, itzulia irabazteko helburua alboratu egin behar dut, eta berriak bilatu. Halakoetan garrantzitsua da helburu berri horiek bizkor aurkitzea, eta nik argi dut: anaia nola dagoen ikusita, harentzat lan egiteko garaia da. Azken hilabeteetan erakutsi du zer-nolako txirrindularia den. Errepideak jartzen gaitu gure tokian, eta berak ondo ikusi du bere burua. Ea eutsi diezaiokeen. Aurrekoen multzoan egoteko moduan ikusten dut.

Lehen egunak beti dira arriskutsuak. Itzuli guztietan, hor ikusten duzu nola zauden. Batzuetan, uste baino hobeto sumatzen duzu zeure burua, eta, beste batzuetan, okerrago. Hori pasatu zait. Herenegun Elkano errepasatzera joan ginen, gogorra zela gogoratu genuen, baina harritu egin nau igoeran egon den ziztuak. Hasi eta berehala, Roglicek sekulako erritmoa jarri du lehen aldapetan, eta ni multzo bat aurkitzen saiatu naiz. Nik nire onena eman dut, eta, hala ere, aurreko biak bi edo hiru puntu gorago zeuden. Aurreko multzokoak ere urrun gelditu zaizkit. Hori ikusita, Roglic da Itzulia irabazteko faborito handia. Ostegunean erlojupekoa du, eta, Alaphilippe ere trebea den arren, Roglic bakarka hobeto dabilela iruditzen zait. Baina, tira, etapa asko falta dira oraindik.

Bukatzeko, zaleen berotasuna nabarmendu nahiko nuke. Egun gogor honetan izan dugun gauzarik onena. Guretzat beti da plazera Itzulian lehiatzea, eta beste behin izugarria izan da. Hasi aurretik zein errepidean, babesa nabaritu dugu une oro. Eskerrik asko denoi, segi gogor animatzen. Egun txarra izan dut, baina hau ez da amaitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.