Martxan gaude: zale, ikusle, jokalari, entrenatzaile... guztiak. Bat baino gehiago hainbat esparrutan, gainera. Orain bai. Abian da benetako saskibaloi denboraldia, goi mailan, behintzat: lehiaketak. Eta batez ere, guztien artean onena, erregularrena Euroliga. Bai, onena delako denbora luzez, nahiz eta munduko saskibaloi jokalaririk onenak ez izan. Urtero errepikatzen den leloa da: «Aurtengoa inoizko Euroligarik onena da». Zergatik? «Hobea delako, lehiatuagoa delako, berdinduagoa delako».
Hobea?
Aurreko denboraldikoarekin alderatuz, baietz esatera ausartuko nintzateke. Oraingo honetan ez da izar handirik joan NBAra. Aurreko bi denboraldietan, berriz, txapelketako bi jokalaririk baliotsuenak joan ziren: Sasha Vezenkov eta Vasilje Micic. Hori gutxi ez, eta kontrako bidea egiten hasiak dira asko: bai gazteak zirela NBAan jokatzeko ametsa betetzera joan zirenak, bai poltsikoak beteta itzuli direnak ere. Europan onenak dira oraindik ere jokalari horiek, eta talentuaren ihesaldi hori gazteen artean ematen da batez ere, Euroligaz oraindik ia aritu ez direnen artean.
Hain zuzen ere, izenez izen begiratuta, talde handiak daude, baina bi nabarmenduko nituzke guztien gainetik, biak greziarrak: Olympiakos eta Panathinaikos. Bien arteko lehen lehia Olympiakosek irabazi zute, Superkopa. Georgios Bartzokasek Aleksander Vezenkov taldera itzulera lortu du, baita Evan Fournier Europara bueltatzea. Frantziarrak gero eta gutxiago jokatu du NBAn, baina Europan erabakigarria da oraindik ere. Vezenkovek azaldu zuen: «Lehiakorra iza nahi dut aurrerantzean ere, garrantzitsua izan, garaikurrengatik borrokatu». Panathinaikos ez da atzean geratu. Cedi Osman eta Omer Yursev bueltatzea lortu dute, eta Lorenzo Brown fitxatu. Aurreko denboraldian txapeldun izan ziren, eta ez da beste aldaketa nabarmenik izan.
Lehiatuagoa?
Kanporaketetan sartzeko borroka estua aurreikusten da. Zerrendaburu izateko ere gorriak eta bi pasatu beharko dituzte faboritoek. Euroligan ez dago partida errazik, etxetik kanpo batez ere. Borroka horretan egoteko Monakok Furkan Korkmaz fitxatu du. Mike Jamesek lagun berriak ditu: Nick Calathes, adibidez. Ea horrela guztiz bideratzen duten. Posible balitz bezala. Real Madrilen eta Bartzelonan mugimendu gehiago izan dira. Horientzat ere Euroliga ez irabaztea porrota da. Madrilek garrantzitsuena datorrenerako jokalariak galdu ditu: Sergio Rodriguez, Rudy Fernandez edota Fabien Causeur beteranoak. Palaun, berriz, Roger Grimauren aldeko apustua txarto atera ostean, diruaren bidez itzuli nahi dute Lauko Finalera. Horretarako fitxatu dituzte Chimezie Metu, Kevin Punter eta Juan Nuñez. Denboraldiro dirutza gastatzen ari dena Ettore Messina da, Milanen. Oraingoan Zach LeDay, Josh Nebo, Nenad Dimitrijevic eta Armoni Brooks konbentzitu ditu taldean jokatzeko.
Atzean geratu dira Maccabi Tel Aviv, Izar Gorria eta Virtus Bologna. Fenerbahcera joan dira Wade Baldwin eta Bonzie Colson, baita Boban Marjanovic erraldoia ere. Sarunas Jasikeviciusek ere beste aukera bat izango du, baita Zeljko Obradovicek ere. Aurreko denboraldian ez zuen lortu espero zen emaitzarik, eta multzoa goitik behera aldatu du. Aleksej Pokusevskik dituen dohainak erakutsi beharko ditu, baita Shane Larkinek ere. Istanbulen oraindik ere nabari dute Ergin Atamanek aulkian utzitako hutsunea.
Berdinduagoa?
Eta beste denboraldi batez horien guztien aurka jokatuko du Baskoniak. Pablo Lasok taldeak kanporaketen aurreko lehietan egoteko borrokan sartu nahi du gutxienez. Baina gero eta zailagoa da. Hori bai, dagoenarekin borrokatzeko gaitasun itzela erakutsi du taldeak azken denboraldietan; pronostikoak gaindituz.
Andrea Trinchieri teknikariak ondo azaldu zuen: «Fitxatzeak gero eta zailagoa da, merkatu berriak zabaldu behar ditugu». Horretarako sinatu dute soldata mugaren akordioa lehen aldiz Euroligako hamahiru talde sortzaileek. 2027-2028ko denboraldirako espero dute guztiz martxan jartzea. Baina behin legea sortuta, tranpa ere sortzen da. Hain zuzen ere, arauak berak bost salbuespen ditu. Adibidez, talde bakoitzak bere bi izarren soldatak atera ditzake ekuaziotik. Ideia ona badirudi ere, nola aplikatuko den izango da garrantzitsuena.