Jon Ander De la Hoz.

Oinak lurrean

2024ko uztailaren 16a
05:05
Entzun

Aspaldi batean, zera idatzi nuen beste berripaper batean, Zarauzko Banderaren astean: «Asko erreparatzen zaio itzulerako luzeari, baina adi korronteak kanporantz izango duen indarrari ere». Egiari zor, maketa betetzeko bekatutxoa izan zen; bezperan Getariako kamingaina baino zabalerago bainatzean egindako gogoeta bat, itsasoaren tiradizoaz jabetuta. Oinarri erabat subjektiboa zuen esaldiak. Bi egun geroago, kirol kazeta batek estropadaren atarikoan bildu zituen hitzok, beste forma batean. Esaldi hura zuen iturri, kazetariak berak gerora aitortu zidanez.

Pasarte hura etorri zait egunotan. Bolo-bolo ibili da Zumaiaren 1984ko marka berdintzearen kontua. Norbaitek taxuz egindako iruzkinak abaila hartu du prentsan. Ez kirolarien artean; Gorka Aranberrik, aukera zutenetako batek, «saltsa arrosa» izendatu zuen, zuhur. Esperientziaren ahotsa.

Nire irudiko, analisi egokia egin zuen Beñat Egiazuk, joan zen larunbateko BERRIAn: «Arraunean ez da askorik behar beste batek aurrea hartzeko. Kontrolatzen ez ditugun faktore asko daude (...). Estropada guztietan hogei segundoren aldea aterako baliote bigarrenari... Baina, Galizian, Zierbena hurbildu egin zen, eta aurreko igandean, berriz, gu».

Bermeori, ligako bosgarrenerako joan zaio aukera, uztailean. Uretakoek zoru gehiago ukitu dute kamingainekoek baino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.