Ebaluazio garaia heldu da saskibaloiko Espainiako Ohorezko Mailan, ikasturteko lehendabizikoa. Azterketek oraindik erabateko garrantzirik ez badute ere, norabidea erakusteko sintomatikoak izan daitezke: nork ekin dion behar bezala ikasturteari, nork ez dituen etxeko lanak egin edota nork dituen irakasgaia ulertzeko arazoak.
Lehen ebaluazio hori amaitzear da. FIBAren leihoetako geldialdia baliatu dute askok hura egiteko, denbora egon baita horretarako. Otsailera arte ez da horretarako beste aukerarik egongo. ACB ligan ere laster helduko dira selekzio arteko partidak. Azaroaren 22an eta 25ean jokatuko dira.
Lagin txikia
Ezin daiteke esan lehen notak onak direnik. Azken sei postuetako lau hartzen baitituzte euskal taldeek, eta Ardoi eta IDK, gainera, azken bi tokietan daude. Gauza bat eta beste, ez dute beren maila eman lehen bost jardunaldietan. Lagina ez da handia, baina bai sintomatikoa. Gainera, geldialdien osteko partidak —bihar jokatuko da jardunaldia—beti dira arraroak, selekzioetako jokalariekin entrenatzeko denbora gutxi izaten delako.
Bi garaipen dituen talde bakarra Gernika da. Hala ere, ez dirudite nahikoa, denboraldi hasierako egutegia ikusita. Bizkaiko taldeak Ferrol, Jairis, Zaragoza, Avenida eta Girona izango ditu orain aurkari, bata bestearen atzetik. Horregatik, mingarriak izan dira oso Malosten lehen bi jardunaldietan galdutako partidak. Izan ere, taldeak denboraldiaurrean neurketa bakarrean egin zuen huts. Talde gaztea da, nagusienak Itziar Ariztimuño eta Irati Etxarri dira, 26 urterekin. Hala, garesti ordaindu dute esperientzia falta. Lesioak ere ez dituzte alde izan. Ariztimuño bera eta Ane Olaeta, adibidez, min hartuta ibili dira. Biak antolatzaile postuan aritzen dira. Taylor Mikeselli ere berehala hartu diote neurria aurkariek, eta ezin izan du askorik erakutsi.
Araskik, agian, gutxien espero zezakeen egunean lortu zuen garaipena, Zaragozaren aurkako partidan. Arabarrek talde laburra dute, eta horrek eragina izan du. Jakina zen hala izango zela, udan horrela diseinatu baitzuten taldea, agian denboraldian zehar bestelako fitxaketaren bat egiteko aukeraren bila. Batzuetan merkatutik kanpo aurkitu daitezke produkturik onenak. Argi dagoena da zerbait behar dutela: antolatzaile bat eta edo pibot bat. Errebote gutxien hartzen duen taldea da, eta asistentzia gutxien banatzen dutenetan bigarrena. Errebote gutxien hartzen dituena Ardoi da, eta IDK da talderik eskasena asistentziak banatzen. Gabeziek, beraz, zuzeneko eragina dute notan. Gaur egun oso zaila da 60 puntu sartu barik partida bat irabaztea, eta Made Urietarenak ez dira batez beste horretara heltzen.
Joerak
IDK-k ere oraindik ez dio sasoari neurria hartu; denboraldiari baino gehiago, astean bi partida jokatzeari. Duela bi urteko arazo bera errepikatzen ari da Donostian: bi txapelketetan lehiakorrak izateko zailtasuna. Europan izan zuten lehen esperientzian asko sufritu zuten bidaiekin, eta horrek eragin zuzena izan zuen ligako jardunean. Sasoi honetan, egiari zor, ezin hobeto dabiltza Eurokopan, jokatu dituzten partida guztiak irabazi baitituzte. Eskura dute hurrengo faserako sailkapena, azken bi partidak etxean jokatuko baitituzte. Baina joan den astean Baskoniaz hitz egin bezala, Azu Muguruzaren taldeak ez du lortzen bi txapelketetan erregularra izatea.
Ardoi izan zen atsedenaldira sentsazio onekin joan zen euskal talde bakarra. Talderik zailenetako batzuk izan dituzte aurrean lehen jardunaldietan, baina azken partidan aurkari zuzen bati, Celtari, irabazi zioten Arrasadian. Juantxo Ferreira entrenatzaileak argi du taldeak ligara egokitzeko fitxaketak behar dituela: bi, hain zuzen ere. BERRIAri emandako elkarrizketan hala esan zuen. Bi baino, hiru izan daitezke. Izan ere, Jewell Tunstull min hartuta egon da, eta haren beharra nabaritu dute nafarrek uztaipean. Datuek ere hori erakusten dute. Lehen garaipenak presioa kentzeko balio diezaieke. Nonbaitetik hasi beharra dago.
Espainiako Kopa jokatzea edota ligako kanporaketarako sailkatzea dute helburu batzuek, eta beste urte batez ligan aritzea besteek. Argi dagoena da hori lortzeko hortzak estutu beharko dituztela. Notak ikasturte amaieran jartzen badira ere, joerak garrantzitsuak dira.